Gaur ia hutsik egongo dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeak. Eskolak eskolan hartzea garrantzitsua delako, baina baita ikasle eta irakasleen osasuna bermatzea ere, eta horretarako baliabideak behar direlako; iritsi ez diren baliabideak, sindikatuek salatu dutenez: iritsi ez diren irakasleak, segurtasuna bermatzeko txikitu beharko liratekeen ratioetarako.
Ezjakintasuna, adostasunik eza eta ziurgabetasuna. Horiek dira sindikatuen beste kexuetako batzuk. Ez dutela harremanik izan Hezkuntza Sailarekin; informazioa eskatu dutela, bilerak ere bai, proposamenak egin dituztela, baina ez dutela erantzunik jaso, eta, harremanik egon ez denez, nekez jarri ahal izan dira ados eragileak eta gobernua. Ikasturte atariraino nagusitu dira zalantza eta kezka.
Jaurlaritzari, ordea, arduragabekeria iruditu zaio ezohiko garaiotan halako egitasmo bat bultzatzea. Beste helburu batzuk ikusten ditu deialdiaren atzean: kritika politikoa egitea gobernu berriari eta tentsioa sortu nahi izatea. Ezohikoa litzatekeena da ezein grebaren zentzua onartuko lukeen gobernu bat. Eta nola ez, grebalarien helburua ere bada kudeaketa politikoari kritika egitea.
«Greba bidegabea» egin beharrean, ordea, elkarlanerako garaia dela iritzi dio Iñigo Urkullu lehendakariak. Eta bai. Horretan ados daude eragileak: elkarlana behar dela, elkarlanik ezaren ondorio ere badelako gaurko greba.

HIZPIDEAK
Elkarlana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu