mikel rodriguez
HIZPIDEAK

Olatua

2020ko irailaren 25a
00:00
Entzun
«Jauzia egiteko garaia» dela erran zuen Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak atzo, bigarren Euskaraldiaren aurkezpenean. Irudipen hedatua da euskararen egoera eta azken finean haren hiztunena garai erabakigarri batera ailegatu dela azken urteotan, euskarak eta euskaldunek datozen hamarkadetan zer-nolako estatusa eta osasuna izanen duten erabakiko den une batera.

Olatu azkar bati zor zaio gaurdaino lortu dena; Hegoaldea frankismoaren errepresioan eta iluntasunean harrapatuta eta Iparraldea Frantziako errepublikanismoaren asimilazio politika gordin betean zeudela hainbat arlotan bultzatu ziren ekinbideek sortu zuten olatu ikusgarriari: arlo akademikoan, hezkuntzan, kulturan, politikan... herritarrek azpitik sortu zuten olatua, euskararen gainbehera gelditu zuena, eta, gainera, berpizkundea ere ekarri zuena.

Baina olatuek, hondartzara hurbildu ahala indarra galdu, eta hareak xurgatuta bukatzen dute. Telekomunikazioak bizitzaren oinarrizko elementu bat bihurtu diren aroa da oraingoa, eta erdarek euskaldunengan duten sarbidea inoiz ez bezalakoa da. Herritarren borondatearen esperoan egote hutsa ez da aski izanen olatuak harea artean xurgatuta ez bukatzeko. Borondatea botereguneetara eraman ezean, kolektiboen portaeretan eragina duten erabakiak hartzen diren tokietara, lan nekeza izanen da euskaldunek erdaldunen pareko estatusa lortu ahal izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.