Amagoia Mujika Tolaretxipi.
HIZPIDEAK

Inhumanoa eta lotsagarria

2021eko urriaren 1a
00:00
Entzun
Zenbat ordu ohean, zenbat ordu jan gabe, zenbat pilula desorduetan: zenbat denbora zainduko duenaren zain. Zenbat sufrimendu erantsi behar zaio nork bere burua gobernatu ezinda dabilenari?

Zenbat ordu presaka aritu beharra laguntza hori ezinbesteko duena behar bezala ez artatzeko; ez edukitzeagatik behar adina denbora eta baliabide, behar beste lankide zaintza egokia ziurtatzeko.

Zenbat greba egun gehiago egin behar dituzte langileek, zahar etxeetako egoera hobetzeko, zaintza duintasunez egin ahal izateko?

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Gaietako diputatu Maite Peñak herenegun onartu zuen Txara I egoitzako egoiliarrek, egoera jakin batean, oheratuta hamalau ordutik gora egin zituztela.Egoera jakin hori udako oporrak ordezkatzeko zailtasunagatik izan zela azaldu zuen, eta gertatutakoa salbuespentzat jo. Horra hor ikuskaritza baten ondorioz azaleratu denari emandako erantzuna. Atzo, ordea, egoitzetako langileek erantzun zuten: ezetz, arazoa aspaldikoa dela, eta egiturazkoa, ez salbuespenezkoa. Horrenbeste greba ez dituztela kapritxoz egin: tratua «inhumanoa eta lotsagarria» dela.

Zenbat salbuespen gehiago azaleratu behar dira, egoera zein den aitortu eta irtenbidea eman aurretik?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.