HIZPIDEAK
Eredugarria
David Fedelek inork ez bezala azaldu zuen The Land Between dokumentalean Marokoko iparraldeko mendietan bizi diren Saharaz hegoaldeko herritar mespretxatuen desesperazioa. Hilabeteak eta urteak Gurugu mendian ezkutuan bizi zirenen testigantzak jaso zituen, Espainiara iristeko Melillako harresi militarizatua igarotzea beste aukerarik ez zutenenak. Garai hartan, Mali, Gambia, Senegal edota Burkina Fasotik iritsitakoak ziren gehienak, milaka kilometroren eta bidaia amaigabe eta arriskutsuen ostean.
Fedeleren lana atera zenetik zortzi urtera, eta aktualitaterik galdu ez badu ere, are jendetsuagoak izan dira kanpalekuok —hustu dituzten arte—, eta urrutiagotik iritsitakoak ere badira, Sudandik, besteak beste. Europak Libiarekin —eta hango mafiekin— migratzaileei Europarako bidea galarazteko akordioei esker, Libian harrapatuta, esklabo edo preso egon zirelako erabaki dute askok bidaia luzatzea, eta Italiara jo beharrean Espainiara joatea Marokon barrena.
Baina egoera jasangaitzak diruditenak jasangaitzagoak izan daitezkeela erakutsi diete Espainiak eta Marokok, bakeak egin dituztenez gero. Pedro Sanchezek eta Fernando Grande-Marlaskak nahi dutena esango dute segurtasun indarren jokaera eredugarriaz, baina migratzaileak zapaltzea, hiltzea, identifikatu gabe lurperatzea, kanpalekuak hustea eta jazartzea ez da eredugarria, zentzagarria baizik.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.