mikel rodriguez
HIZPIDEAK

Lohizko oinak

2022ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Indarrean da Ukrainak, Errusiak, Turkiak eta Nazio Batuen Erakundeak Ukrainako portuetako zerealen esportazioa bermatzeko egin duten ituna. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea heldu den astean joatekoa da Moskura Vladimir Putin Errusiakoarekin elkartzeko, eta itunaren garapena izanen dute mintzagai nagusietako bat.

Turkiak, bederen, itunarekin lortu du aldeko tanto bat markagailura igotzea. Ez da nolanahikoa herrialde horrek gaur egun duen posizio geopolitikoa: Europaren eta Asiaren arteko zubi geografikoa da, eta gaur egungo bi gerra nagusiak ditu mugetan —Ukrainakoa iparraldean, itsasoaren bertzaldean, eta Siriakoa hegoaldean, itsatsita—. Baina, mataza gehiago korapilatzeko, Errusiarekin gerra mehatxuan hasi den NATO aliantza militarreko kide da, eta Itsaso Beltzari Laku Beltza erratea eragozten duen itsasartearen jabea da. Ematen du dado onak dituela Risk partida jokatzeko, eta kartan egokitu zaion helburua lortzeko: Siriako kurduen autonomia deuseztatzeko Errusiaren eta AEBen baimena lortzea; edo, hasteko bederen, bietako batena.

Jokalari geopolitiko indartsu eta boteretsu bezala ageri da Turkia, atzerrian eragiteko ahalmena duen indar espantsionista gisa. Horrela da neurri handi batean, baina ez da ahantzi behar haren jokabidearen arrazoi nagusietako bat bere mugen barrenean duen beldur batengatik dela, erraldoiaren lohizko oinak bistaratzen dituena: kurduen burujabetzaren aldeko mugimendua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.