Garikoitz Goikoetxea.
HIZPIDEAK

Osasun langileak

2020ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Iluntzeroko ohitura bilakatu da balkoi askotan: txalo joka irteten dira etxetiarrak, osasun zerbitzuetako langileei eskerrak emateko. Herenegun arratsean, milaka herritar elkartasun keinu hori egiten ari ziren garaitsuan, Osakidetzako langile bat hil zen koronabirusak jota: 52 urteko erizain bat. Jadanik 58 lagun hil dira Euskal Herrian.

Egun gogorrak izaten ari dira herritarrentzat: etxean itxita, zaintza eta enplegua uztartu ezinik, datozen egunek zer ekarriko duten beldurrez, koronabirusaren krisiak zenbateko kolpea joko duen zalantzan. Egun zamatsuak dira. Bereziki gogorra da egoera osasun esparruko beharginentzat: konfinamenduak eremu pertsonalean ekarri dien pisuaz gain, aspaldian ikusi gabeko lan zama dute bizkar gainean, eta ziurra da areagotu egingo dela datozen asteetan.

Funtsezkoa dute herritarren elkartasuna, bihotz altxagarria, baina ezinbestekoa da lanean segurtasunez aritzeko baldintzak bermatzea. Eta gaur-gaurkoz ez dira hala ari zerbitzu askotan: ez dute babes pertsonalerako ekipamendu nahikorik, kasu susmagarriak tratatu ondoren ez dizkiete osasun testak egiten denei, eta maskarak berrerabiltzen ari dira. Gutxieneko baldintzak dira: besteen bizia salbatzen saiatzeko bidesaria ez dadila izan nork berea arriskatzea.

Behar dituzte txaloak, herritarren hatsa, ingurukoen zaintza, aitortza publikoa. Baina derrigorra dute segurtasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.