mikel p ansa
HIZPIDEAK

Propaganda

2020ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Maiatzaren Lehenak ere lortzen ez duena lortu du koronabirusaren pandemiak: sindikatu guztiak elkartzea. Sektore publikokoak, behintzat. Hezkuntzan bat eginda dabiltza azken egunetan, ikasturte hasierarako segurtasun neurriak adosteko borondate eske, batetik; dagoeneko sumatzen hasiak diren murrizketei aurre egiteko, bestetik. Osasun arloan, gutxitan ikusten den bezalako batasun irudiak ikusi ziren atzo Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun zentroen atarietan. Sektoreko sindikatu guztiz gehienak, erizain eta medikuenak barne, osasun sistema publikoari egindako murrizketak eskutik salatzen. Administrazio horiek ez dute ezagutu koronabirusaren pandemiarena bezalako zezenik, eta ulertzekoa da hura kudeatzeko zailtasunak izatea. Gutxi edo gehiago, zuzenean edo zeharka, administrazio eta gobernu guztiek aitortu dute ez zeudela prestatuak eta ez zutela baliabiderik horrelako krisi bati aurre egiteko. Eta osasun arloko profesionalek gehiegi kexatu gabe egin dute beren lana; gaixoei laguntzea zuten lehentasuna. Baina orain, beste fase batean, kontuak eskatzeko ordua dela iritzi diote antza, eta salaketa gogorra egin dute: «Osakidetzak bakarrik utzi gaitu, eta beharginen esfortzuari esker soilik egin ahal izan diogu aurre pandemiari». Sektore publikoko sindikatuen artean diferentzia asko badira, baina sistema publikoaren defentsan elkartu dira. Txartel ugari idatzi dituzte, eta horietako batzuetan: Propaganda gutxiago, baliabide gehiago. Ez da lelo okerra hauteskunde kanpainarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.