HIZPIDEAK
Danteskoa
Moria erretzen ari zela, «danteskoak» iruditu zitzaizkion Pedro Sanchez Espainiako presidenteari hango irudiak. Baina gerta zitekeela erakusten zuten egoerak ondo ezagutzen zituen, Europako agintari guztiek bezala. Migratzaileak usteltzen ikusita ere, hantxe egonean, eta Europako Batasunean migratzaileak banatzeko erabakiak —gutxienekoak ere betetzen ez zituenak— porrot eginda ere, nork bere zilborrera begiratzen jarraitzeko aitzakiak ez zaizkie falta izan.
Hori bai. Tratu humanoa eta humanitarioa hitzak darabiltzate «tragediak» gertatzen diren guztietan; alegia, kanpaleku baten suak komunikabideak hauspotzen dituenean. Baina, Moriarenak muturreko egoera bat erakutsita ere, deigarriak dira Madrilek han daudenak ez hartzeko erabili zituen argudioak: «migrazio presioa» dauka Espainiak ere, Kanariak hizpide, eta, «era arduratsuan eta humanoan» erantzuteko, Europak eman behar dio forma. Ikusita dago zer forma eman dion Europak azken urteotan.
Orain, Kanarietan lehertu da «migrazio presioa». Jaurlaritzak esana du Moriakoak hartzeko prest dagoela, baita Kanarietakoak ere, baina badaki Madrilen esku dagoela, eta Madrilek ez ditu handik atera nahi, «dei efektua» saihesteko. Humanoena dena egiteko joan dira Marokorekin hitz egitera, Espainiara irits ez daitezen;norekin, eta Marokorekin. Zer da danteskoa?
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.