mikel rodriguez
HIZPIDEAK

Konspiraziorik handiena

2020ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Oharra: suposatzen da egunkari bateko iritzi saila ez dela haur batentzako irakurgaia, baina inguruan dagoen ume horrek irakurtzen jakin eta abenduaren 24ko arratseko sekretua ezagutzen ez badu, kendu paper hauek eskuetatik.

Gelako espabilatuetako batek, anaia zaharragoak zituenak, errebelatu zuen Eguberrian zer gertatzen den. 7 urteko Morfeo bat, gelakidetzat zituen Neo guztiei Matrix-en egia kontatzen. Morfeok, behintzat, bi aukera eman zizkion Neori: egiaren pilula gorria hartu, edo fantasian segitzeko urdina. Baina haur hark pilula gorria edalontzi eta guzti irentsarazi zien gelakideei.

Lehenbiziko kolpearen ondoren, ukapena etorri zen. Zer da sinesgarriagoa: izaki magiko batek arrats bakarrean etxe guztietan opariak banatzen dituela, edo adin batetik goitiko herritar guztiak ados paratu direla gazteenei gezur bat sinetsarazteko? Gero, hari muturrak lotzeko fasea etorri zen: «Noski, jaiotzako goroldioari eusteko papera Olentzerok erabili zuen berdina zen...». Eta, azkenik, desilusioa: magia ez da existitzen; zentzumenek hautematen duten huraxe da mundu hau.

Azken fasea gaindituta, ordea, Platonen kobazuloa uzteak ekar lezake onurarik. Zalantzaren onura, errate baterako; pentsatzen hastea bizitzako fantasia eta gezur bakarrak ez daudela opariak ekartzen dituen ikazkinaren mitoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.