mikel rodriguez
HIZPIDEAK

Berdintasuna

2021eko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Frantziako eta Gaztelako monarkiak Erdi Aroan hasi ziren monarkaren hizkuntza erresumaren hizkuntza gisa ezartzen, eta, mende batzuk geroago, Pirinioen bi aldeetako erresumetan agintea zuten borboitarrek aldarrikatu zuten erregearen menpekoek erregearen hizkuntza jakiteko betebeharra zutela. Frantziako errepublikanoak, hortaz, ez ziren hain originalak izan frantsesa errepublikaren hizkuntza bakartzat ezarri zutenean.

Baina monarkek baino serioskiago hartu zuten boterearen hizkuntza hura ez zekitenen gainean inposatzeko ekinaldia. Berdintasunaren ideala predikatu, baina uniformizazio gisa erabilita ezarri zieten frantsesa hizkuntza hori arrotz zitzaienei. Nazio bat eraiki behar zuten, baita hura ez zegoen tokian ere. Hizkuntza inposatzen aitzindari izan da errepublikanismo frantsesa, eta molde bera aplikatu nahi izan dutenentzat eredu. Borboitarrei eutsi zien herrialdean, kasurako —Frantziako errezetak aplikatu nahi eta ezinean ari da azken 170 urtean, gutxienean—.

Joan den ekainean baxoa euskaraz egin zuten ikasle gehienei ez dizkiete azterketak zuzendu. Ikasle horiek errepublikako herritarrak dira, legez. Baina errepublikak ez ditu diren bezalakoak onartu nahi. Ez ditu berdintasunean onartu nahi, uniformizatuta ez bada. Justiziaren ideal berezi samarra saltzen duen errepublika, herritarrak lehenbiziko mailako eta bigarren mailako hiztunen artean bereizi behar baditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.