mikel rodriguez
HIZPIDEAK

Panda hartza

2021eko abenduaren 31
00:00
Entzun
PPk lehoi bat bezain oldarkorra zen lan erreforma bat egin zuen 2012an. Piztiak otzan itxurarekin aurkezteko modu bat izan ohi da peluxe gisa irudikatzea, eta gobernu bakar batek ere erraten ez duenez hartu dituen neurriak herritar gehienen kalterako direla, halaxe aurkeztu zuen PPk erreforma, ekonomiari mesede eginen zion lehoi sendo baina abegikor gisa. Lehoiak, ordea, peluxe bihurtuta ere, ez dio inori ziria sartzen, ausiki eta atzapar egiten du, eta horixe egin zien erreformak langileen eskubideei eta egoera materialari.

Espainiako Gobernua osatzen duten ezkerreko alderdiek eta Espainiako sindikatu handiek erreforma hura ordezkatzeko akordioa egin dute patronalarekin, eta behin-behinean indarrean dago gaurtik, Kongresuak behin betiko erabakia bozkatzeko esperoan. Lehoia koala batek ordezkatu du, alderdi eta sindikatu horien adierazpenei erreparatuz gero. Koalak ez du peluxe bezala agertu beharrik: animalia otzana, onbera eta maitagarria da. Zeinek ez ditu koalak maite?

Hego Euskal Herrian, ordea, alderdi eta sindikatu horiek ez dira nagusi; ez, behintzat, herritarren artean duten ordezkaritzari erreparatuz gero. Erreformarekin, lan harremanetan Espainiako itunak lehenetsiko dira Euskal Herrikoen gainetik, eta sindikatu nagusiek alderdi abertzaleei eskatu diete horri amore ez emateko, koala batena ez baizik panda hartza baten antza handiagoa har baitezake itunak euskal langileentzat: lehoiak ez bezala, pandak itxura otzan, onbera eta maitagarria du, baina, koalak ez bezala, ausiki eta atzapar egiten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.