Amagoia Mujika Tolaretxipi.
HIZPIDEAK

Posizioak hartzen

2022ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
AEBetako Ordezkarien Ganbera errepublikanoa izango da azkenean, baina irabazita ere, demokratek arnasa hartu dute, paradoxikoki, ganbera galduta ere, arrakastatsuak izan direlako emaitzak Joe Bidenen aldekoentzat, ez baitute espero bezainbeste galdu, eta Donald Trumpen sokako batzuk erori dira bidean. Gainera, Senatua haiena izango da.

Horiek horrela, errepublikanoak porrotaren hotsak ezin uxatu dabiltzala, Trump agertokira igo da, esatera hautagaia izango dela 2024ko presidentetzarako bozetarako. Aholkulariek esan diote ez dela horretarako garaia: makina bat auzibide dauka irekita, eta errepublikanoen artean ez dauka lehen zeukan babesa. Trapu zaharrak atera dizkioten aldiro, ordea, egoera zailtzen zaion aldiro, hazi egiten da, ez baitago munduan uste handiagoa duen pertsonarik. Eta masa zabal, sutsu eta aktiboak hauspotzen du egunero haren egoa.

Demokratek, berriz, itxaropena berreskuratu dute. Hori bai, ordezkatuko al dute Biden? Kamala Harris presidenteordea zen apustua duela bi urte. Arlo publikotik desagertu da edota desagerrarazi dute, baina berandu baino lehen agertu beharko luke, bera izango bada Etxe Zuriari aire berria emango dion hautagaia. Bidenen lapsusak eta Trumpen astakeriak baino zerbait gehiago emango al dute datozen bi urteek?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.