Eider Goenaga Lizaso.
HIZPIDEAK

Beste bi palestinar

2022ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Atzo beste bi palestinar hil zituzten tiroz, Zisjordanian; azkenastean, hamar; eta urtea hasi zenetik, 158. Baina horrek, antza, ez du nazioarteko komunitatea behar beste asaldatzen. Palestina bitan zatitu eta Israelgo Estatuari sorrera eman zion planaren 75. urteurrenean, joan den asteartean, egoeraren larriaz ohartarazi zuen Nazio Batuen Erakundeak. Bake prozesurako koordinatzaile berezi Tor Wennesladenek «etengabeko indarkeriaz betetako hamarkadak, negoziazio geldoak eta legez kanpoko okupazioaren zabalkundea» aipatu zituen arrazoi gisa, eta konponbiderako beharrezkotzat jo zuen «Palestinako Estatu duin bat eratzeko beharrezkoak diren espazio ekonomikoak eta fisikoak» sortzea.

1947ko planak estatu duin izateko modua kendu zion Palestinari, euren lurretan eraiki zutelako Israelgo Estatua, haiei hitzik eman gabe. Israelek, berriz, ospatu egin zuen, baina, denborak erakutsi duenez, plana errespetatzeko batere asmorik gabe. Israelen jokabidearen aurrean itsu-mutu-gor egiteari utzi eta ekintzetara pasatzeko garaia aspaldi iritsi zen. Baina Israelek babesle garrantzitsuegiak ditu. Bi estatuen planak gutxienez exijituko luke Israel geldiaraztea, legez kanpo kolonizatutako lurrak itzularaztea, eta palestinarren kontra egindako sarraskiak zigortzea. Hori egin ezean, Palestinarentzat estatu duin bat eskatzea hitzontzikeria hutsa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.