mikel rodriguez
HIZPIDEAK

Filosofiaz

2021eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Historia garaikideko prozesurik harrigarrienetako bat da Japoniak XIX. mendearen bigarren erdialdean hamarkada gutxi batzuetan egin zuen eraldaketa. XVII. mendetik 1853ra arte shogun-ak, agintari gorenak, ia guztiz debekatu zituen atzerriarekiko harremanak, eta, praktikan, herrialdea nazioartean bakartuta egon zen bi mende baino gehiagoan.

AEBek mehatxu militar batekin behartu zuten nazioarteko merkataritzara irekitzera, 1853an. Shogunak onartzea bertze aukerarik ez zuen ikusi, Mendebaldeko potentzien eta Japoniaren arteko alde teknologikoa handiegia baitzen aurka egiten saiatzeko. XX. mendea hasterako, ordea, Japonia Mendebaldearen pare industrializatuta zegoen.

Herrialdea zuzendu zuen elite berriak jakintza zientifiko eta teknikoa abiadura bizian bereganatzeko erabakia hartu zuen, baina aro horren ikertzaileek nabarmendu ohi dute garapen hori dena posible egiteko ezinbertzeko baldintza izan zela Japoniako gizarteak erregimen zaharrean zuen ezaugarri berezi bat: alfabetatze tasa handia, arte eta literatura emankorra, eta, horien eratorri, garapen filosofiko etengabe bat. Beren buruari galderak egin, zalantzak planteatu eta erantzunak aurkitzeko gaitasunak aldaketa bortitzei abiadura bizian erantzuteko gaia eman zien japoniarrei. Heziketa tekniko eta zientifikoa filosofikoaren gainetik hobesten den garaiotan, bata bertzea gabe nekez garatu daitekeela oroitzeko adibide bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.