mikel p ansa
HIZPIDEAK

Itxurak eginez

2018ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Gorabeheraz betetako bide bat izango da euskal presoen auzia bideratzekoa, agerian gelditzen ari denez. Pixkanaka, argituz doaz baldintzak eta erritmoak. Atzo jakin zen Marta Igarriz presoari bigarren gradura aldatzeko eskaria onartu diotela; ETA desegin zenetik, lehen kasua da. Lehendik ere badira preso batzuk bigarren graduan, baina ez da ohikoa; EPPK-ko kideen %95 lehen graduan dauzkate, salbuespen egoera batean. Orain arte, instantzia guztiek ukatu egin izan dituzte bigarren gradura aldatzeko eskari guztiak. Jesus Loza Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak aipatu du gradua aldatzeko baldintza: presoak «jarrera bat» erakustea, «espetxe bizitzan integratu» direla adierazteko. Balorazioek, epaiek eta helegiteek hilabeteko bideak dauzkate, eta ikusteko dago orain arteko ezezkoei nola erantzungo dieten hemendik aurrera, baina arbitrariotasuna begien bistakoa da, eta erraz gertatuko da batzuei baiezkoak eta besteei ezezkoak ematea. Euskal preso guztiei gradu aldaketa batera egitea da gauza bat Madrilek egingo ez duena, edo egingo balu zeharo harrigarria litzatekeena. Politika ez baita, soilik, zer egiten den, baizik eta egiten ari den hori egiten ari delako itxura egitea. Alegia, eskari guztiak banaka aztertuko dituela esan eta gero, eskariak banaka aztertzen ari den itxura egin behar duela. Eta horrek esan nahi du, esan gabe ere, erantzun batzuk baiezkoak eta beste batzuk ezezkoak izango direla. Itxura zaindu egin behar baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.