Akusatuen txandari eman zion atzo hasiera Oriol Junqueras Kataluniako lehendakariordeak Espainiako Auzitegi Gorenean prozesuari buruz egiten ari diren epaiketan. Erabat politikoa egin zuen mintzaldian, «aulki hutsaren» argudioa izan zen maizenik erabili zuena. Behin eta berriro errepikatu zuen kontzeptu hori, Junquerasen iritziz irudi horrek azaltzen duelako argienik prozesuaren arduradun nagusiak auziaulkira eraman dituen egoera.
Historian zehar gertatutako negoziazioak ekarri zituen gogora ERCko buruak: Norvegia eta Suedia, Kanada eta Quebec, Erresuma Batua eta Eskozia... Kasu horietan guztietan, eta beste askotan, mahai baten inguruan batzartuta negoziatu eta adostu dira independentzia nahi zuten nazio horien eskaerak. Hitzaren bidez eman zaie irtenbidea. Hitza, mahaian eta hautetsontzian. Hori egiten saiatu dira azken hamarkadan Kataluniaren independentziaren aldeko alderdi eta erakunde publikoak, baina parean ez dute inor aurkitu. Horren ordez, botere exekutiboaren, judizialaren eta legegilearen erantzun koordinatu eta errepresiboa jaso zuten.
Hutsa egon da Kataluniako auziari konponbide demokratikoa eman behar zion mahaiaren pareko aulkia. Aulki hori hutsa egotearen ondorioz, beteta dago egunotan Auzitegi Gorenaren akusatuen aulkia.

HIZPIDEAK
Aulki bat hutsa, bestea betea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu