Osakidetzako lan eskaintza publikoaren (LEP) balizko iruzurraren itzala gero eta luzeagoa da, eta Maria Jesus Mujika eta Jon Darpon aurreko arduradunak guztiz estali ondoren, Urkulluk izendatutako azken sailburuarenganaino ere iritsi da: Nekane Murga. Atzo Eldiario.es agerkari digitalak argitaratu zuen mediku batek egindako adierazpen bat. Hartan, nolabait agerian uzten du Nekane Murga sailburua Osakidetzako azterketako iruzurraren jakinaren gainean zegoela.
Salaketa frogatuko balitz, agerian utziko luke oso zabalduta dagoen susmo bat: hau da, azterketak zenbait hautagairi filtratzeko ohitura oso zabalduta zegoela erakunde publikoan, eta arduradun askok zutela funtzionamendu horren berri.
Jaurlaritzak, ohikoa duen moduan, Nekane Murga babestu du, eta pisua kendu dio medikuaren salaketari. Alabaina, aurretik ere sinesgarritasuna kendu zien Darponen eta Mujikaren gainean zeuden zantzuei. Osakidetzaren zurrunbilo politiko eta judiziala beste koska bat nahastu da, eta sarean harrapatu du erakundeko egungo arduradun nagusia. Aurrekoekin gertatu moduan, inoiz bere kargua utzi beharko balu, krisi larria eragingo luke, zalantzan jarriko lukeelako ea Jaurlaritzak topa dezakeen instituzio horren buru izateko konfiantzazko hautagai garbiren bat.

HIZPIDEAK
Murga ere susmopean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu