inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Arrakala

2019ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gizonek emakumeek baino %24 gehiago irabazten dutela jakinarazi zuen atzo Emakundek, txosten baten bidez. Alegia, hiru probintzia horietako soldata arrakala modu gordin batean islatu du Jaurlaritzaren lan horrek. Eta, egun berean, emakume bat hil zuen bikotekideak Bardozen (Lapurdin). 2003tik gertatutako 100. hilketa matxista izan da hori, hain justu.

Egun berean, emakumeek jasaten duten genero azpiratze gordinaren bi adibide ezin modu argiagoan erakutsi ditu aktualitateak. Bien arteko loturarik ikusi nahi ez dutenek arazoak izango dituzte ulertzeko modu integral batean baino ezin dela lortu emakume eta gizonen arteko berdintasuna.

Bardozeko hilketak gizendu egin du matxismoaren biktimen zerrenda. Lapurdin gertatu izanak oihartzun mediatikoa kendu dio Bidasotik hegoaldera, nazio arrakala zeinen sakona den berriro erakutsiz. Baina ikuspegi nazional sendoa lukeen hedabide sare batek ez luke oharkabean pasatuko 2003tik gertatutako bost hilketa matxistatik bat herrialde horretan gertatu dela, nahiz eta bertan biztanleen %8 bakarrik izan. Hau da, beste herrialdeetan ospakizunetarako arrazoi gutxi badituzte ere, Lapurdin gogoeta sakona egin beharko lukete, erakundeetatik hasita, bertan gertatzen ari den feminizidioaren arrazoi propioak ulertu eta gelditzen hasteko. Ahalik eta lasterrena, zerrenda gehiago gizendu baino lehenago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.