Bigarren fasean sartzeko moduan dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa, Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun ministroaren arabera datuak «onak» direlako. Baina zaila da hori baieztatzea, sailburuaren hitza itsu-itsuan sinesten ez bada behintzat. Izan ere, aste honetan, Jaurlaritzak utzi egin dio orain arte ematen zituen zenbait datu jakinarazteari, koronabirusaren bilakaeraren inguruan egunero banatzen duen buletinean. Pandemia beste fase batean egoteagatik eta egoera aldatu izanagatik datoz aldaketak. «Hobetzeko asmoz», betiere.
Aldaketak bat etorri dira informazioa koordinatzen aritzen den taldea berritzearekin, baina ez dute xehetasun gehiagorik eman taldea aldatzeko zergatiei buruz. Barne tentsioak, gobernuaren hertsitasuna, lanak berak duen zailtasuna eta baliabide falta azaleratu dituzte aspaldian, ordea, hainbat ahotsek.
Pandemia ulertzeko zailtasunak onargarriak dira agertoki ezezagun baten aurrean gauden neurrian, baina hori ez dadila aitzakia izan errealitatea desitxuratu eta nahierara erabiltzeko, aldaketak behar bezala azaldu gabe, datu batzuk emanez, beste batzuk ezkutatuz, eta sistemak aldatuz, datu ilunen izurritean gal gaitezen.

HIZPIDEAK
Datuen pandemian galduta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu