martxelo otamendi
HIZPIDEAK

Lau alkatetza

2020ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Kostata, urratsez urrats —kasu honetan udalez udal egokiago—, ari dira esparru soziopolitikoa zabaltzen Ipar Euskal Herriko abertzaleak, igandean ikusi dugunez. Gero eta alkatetza gehiago ari dira eskuratzen, herritarrek emandako konfiantzaren ondorioz. EH Bai da, askogatik, gorakada horren eragile nagusia, oraindik oso ahula baita EAJren presentzia politikoa Ipar Euskal Herrian. Presentzia ekonomiko handiagoa dauka politikoa baino.

2014an Uztaritzek abiatu zuen bidetik irabazi zuten igandean abertzaleek Itsasun, Urruñan eta Ziburun. Lau, Uztaritzekoarekin. Erdi mailako udalak dira laurak Lapurdin, hiru herrialdeetatik erdaldunena den herrialdean. Irudi luke onarpen handiagoa daukatela abertzaleek Lapurdin, euskaldunagoak diren beste herrialdeetan baino.

Urbanoa da EH Bairen boto emailea, eta interesgarria litzateke hauteskunde ondorengo inkesta batek argitzea EH Bairen boto emaile horren osaketa soziologikoa: adina, lanbidea, hizkuntza, aurreko botoa... Adinarena izan liteke inkestarik egin gabe ondoriozta litekeen datua. Boto emaile berrien arteko aukerarik bozkatuenetakoa izango da EH Bairena.

Maule-Lextarren, inkesta baino zer edo zer gehiago beharko da azaltzeko nola den posible Mixel Etxebest zentrista euskaldunak alkatetza galtzea (%38,24), Beñat Elkegarai abertzalearekin akordioa lortu ez izanagatik (%21,41). Ondorioa: Luis Labadot jakobino ezkerrekoa alkate.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.