Amagoia Mujika Tolaretxipi.
HIZPIDEAK

Behatzak gurutzatu

2020ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Egunotan izaten ari dira ikasturte hasierako bilerak eskoletan. Azkar-azkar urteko edukiak gainetik azaldu, eta azkenaldian edukiak baino kezka handiagoa sortzen duen gai nagusira jotzen dute, COVID-19ak erasanez gero dauden agertokiak azaltzeari ekinez; «gurutza ditzagun behatzak», esanez ekin ere zenbaitetan. Jainkoa aipatzea besterik ez da falta, baina, egoerei aurre egiteko baliabide egokirik ezean, «dona-dona katona» etenik gabekoan, libratzea da haien buruan dagoen burutazio bakarretakoa.

Lehen agertokia da idealena: denak eskolan aritzea. Bigarrena, berriz, mistoa, txarrenetan onena: ikasgelan kasurik gertatuz gero premia bereziak dituztenak soilik joatea eskolara. Hirugarrenean, ordea, denak etxera. Eta galdera da: hirugarren agertokian egonez gero, nola egin premia bereziak dituztenekin? «Laguntza berezia emango diegu». Nola? Sorbaldak goratu, eta zalantzazko aurpegia jarriz erantzuna: «Beti egin izan dugun bezala. Beharra dutenei laguntza gehiago eskainita».

Konfinamenduak erakutsi zuen beharra dutenen egoera behartsuagoa bilakatzen dela, eta hezkuntza sistema ez dagoela prestatua premiei aurre egiteko. Ez da ezer aldatu, harrezkero; ezer gutxi atera da ikasgai haietatik, eta gorantz doa ixten ari diren ikasgelen kopurua. Behatzak gurutzatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.