Auzitegiek lanpostu publikoetan langile erdaldunak egonen direla bermatzeko eman dituzten azken epaietan aipatu dituzten argudioetako bat izan da egoera soziolinguistikoarena. Alegia, udalerri batzuetan lanpostu publikoetarako ezin dela baldintzatzat ezarri euskaraz jakitea, euskaldunak gutxiengoa direlako.
Arrazoibide horri jarraituta, hortaz, euskaldunen hizkuntza eskubideak ez lirateke absolutuak, eta kopuruaren arabera bete beharko lirateke. Baina zer gertatu beharko luke euskaldunak gehiengoa direnean? Adibidez: EHUko Ekonomiako ikasketetan irakasgai baterako gaztelaniako irakasleen faltan, unibertsitateak harrapatu duen konponbidea izan da euskarako adarreko irakaslea eta ikasleak eskola gaztelaniaz ematera eta hartzera behartzea, nahiz eta euskarazko adarreko ikasleak gaztelaniazkoak baino anitzez gehiago izan.
Sistema batek ezarritako markoaren ondorio da egoera hori, non hiztun komunitate batek bere hizkuntza eskubideen gainetik dituen bertze hiztun komunitatearekiko betebeharrak, eta bertze hiztun komunitate horrek, berriz, ez duen betebeharrik berea ez den hizkuntzan mintzatzen direnekiko. Elebitasuna aberastasun bat da, baina oroitarazi elebidunei elebakarrek ezarritako hierarkia bat bete behar dutela.

HIZPIDEAK
Betebeharrak eta eskubideak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu