HIZPIDEAK

Argazkiak

Amagoia Mujika Tolaretxipi -

2019ko otsailak 13
Atzoko argazkia: arduradun politiko eta eragile independentistak, dotore jantzita, epaitegiaren erdian. Justiziaren togaz atondutakoen aurrean daudela, ez dirudi espetxetik Guardia Zibilaren furgonetetan eskuburdinekin iritsi berriak direnik —argazki hori ez dute erakutsi—. Irudi lezake epaiketa justua izango duen ustezko delitugile talde bat dela.

Baina ez. Herri baten eskubide politikoak gauzatzeagatik daude hor, eta defentsak argazki hori erakutsi nahi du: eskubideok baliatuta —bilera, manifestazioa, adierazpena — delitutzat jo dituztela, demokrazia husten ari direla, akusazioetan lengoaia militarra erabili dela, prozesatuak terroristatzat dauzkatela, epaitu aurretik zigortu dituztela, funtzio politikoak bertan behera utzi dizkietela, epaiketarako aurkeztutako hainbat eta hainbat froga atzera bota dituztela, eta horiek ez dutela lekurik herri demokratiko batean. Hori guztia, Espainiak gorentzat duen justiziaren aretoan, justizia justizia baino ez dela erakusteko eginahalaren erdian.

Eta makina bat izango dira ahalegin horretan lagunduko dutenak, Espainian bezala baita Europan eta munduan ere, Espainia murriztailea disimulatu eta defendatuko dutenak, atzokoa bezalako argazkiak ikusita ere. Izan ere, hor dira 2017ko U-1eko irudiak, non herri baten erabakitzeko ariketa baketsua Espainiako Poliziak zapuztu zuen. Hori bai baita indarkeria, disimulurik gabe.