Garikoitz Goikoetxea.
HIZPIDEAK

Lantokian euskaraz

2019ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Haustura baten eran irudika liteke egoera: umeak eta gaztetxoak euskalduntzen ahalegin handia egin —ez leku guztietan berdin—, baina laneratzen direnean askok akabo dituzte euskararekikoak. Eskolan eskuratutako gaitasuna —mugatua— galtzera darama eten horrek. Inbertsioa baliorik gabe uztea, eta mezu arriskutsu bat indartzea: eskolako hizkuntza da euskara, eta eskolarakoa, ez nonahi erabiltzekoa.

Zentraltasuna irabazi du lan eremua euskaldundu beharrak. Euskaltzaindiak gai hori hartu du ardatz aurtengo Jagon jardunaldietan, eta Eusko Jaurlaritzak aurki aurkeztekoa du eremu horretarako plan bat, euskalgintzako eragileekin landua. Arlo horretan bereziki garrantzitsua baita elkarlana: euskalgintzako eragileena, nahi soziala hauspotzeko; erakundeena, arauak eta baliabideak jartzeko; eta eragile sozioekonomikoena, enpresena eta sindikatuena, helburu horiei guztiei bide eman diezaieten.

Datorren Euskaraldiak emango du aukera bide horretarako: norbanakoen ariketa ez ezik, entitateena ere izango da, eta giltzarria izango da haien rola ere.

Eskolaren segidan, lantokia euskalduntzea da helburua. Katea osatzea. Baina komeni da ikuspegi osoa ez ahaztea. Hara: inkesta soziolinguistikoek diote lanean baino gutxiago egiten dela euskaraz etxean eta lagunartean. Erabileraren katebegi bat da lantokia. Baina begiz begi osatu ezean, eten egingo da katea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.