mikel p ansa
HIZPIDEAK

Ziklo aldaketa

2019ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Kataluniarentzat erabakigarria izango den beste aste bat hasi da, eta itxura guztia du ziklo aldaketa baten hasiera etorriko dela. Atzo, dantza ikuskizun bateko urrats neurtuen gisa, bata bestearen atzetik etorri ziren: 1) Espainiako Estatuko Abokatuaren iritzia Oriol Junquerasen immunitateari buruz; 2) PSOEk eta EAJk adostutako neurrien aurkezpena eta izenpetze ekitaldia; eta 3) PSOEk eta Unidas Podemosek hitzartutako gobernu akordioaren edukiak. Madrilen mezua argia izan zen: ERC besterik ez da falta Espainiako presidentea inbestitzeko. Uler liteke errepublikanoentzako presio gisa, behingoz baiezkoa eman dezaten; edo ulertu litezke baiezkoa emateko bidea errazteko modu gisa.

ERCk jarraitzen du negoziazioaren denborak kontrolatu nahian. Urtarrilaren 2an bilduko dute Kontseilu Politikoa, eta hark erabakiko du Pedro Sanchezen inbestidurari buruz. Eta urtarrilaren 3an Quim Torraren inhabilitazioari buruz erabakiko du Espainiako Hauteskunde Batzordeak. Dagoeneko tentsioa gori-gori dago ERCkoen eta PDeCATekoen artean —ERCkoek Pere Aragones presidenteordea jarri nahi lukete presidente, eta PDeCATekoek beren alderdiko kide bat—, eta tentsioa beste koska bat igoko da ERCk Sanchezi baiezkoa ematen badio eta Hauteskunde Batzordeak Torra kargutik kentzen badu. Baliteke horrek berriro ere hauteskundeetara eramatea Katalunia, eta independentisten arteko gatazka handituz. Madrili, aldiz, egonkortasun leiho bat irekiko litzaioke, lau urtean lau hauteskunderekin ezagutu ez duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.