Albistea entzun

HIZPIDEAK

Dena ondo, uztailerako

Amagoia Mujika Tolaretxipi -

2020ko ekainak 2 - @mmuxika

Ez da COVID-19ak jota hildakorik egon Hego Euskal Herrian 24 orduotan, uztailaren 12ko Legebiltzarrerako Hauteskundeetarako neurriak iragarri dituzten egunean. Albiste ona denontzat, dudarik gabe, baita bozok berandu baino lehen egin behar direla diotenentzat ere. Boto eskubidea bermatzeko, azkenaldian herritarrek darabilten hiztegiko hitzen eta adjektiboen zerrenda eman dute agintariek: maskarak, eskularruak, halabeharrezko distantzia, garbitasun zorrotza, segurtasuna... Eta nekez ohitura bilakatuko diren jarrerak ere gogorarazi dituzte: musurik eta besarkadarik ez.

Puxikarik, goxokirik eta lorerik ere ez da izango, ezta ekitaldi jendetsurik ere, baina gainerakoan, itxura du iragan direla egun astunak. Ari dira arintzen mezu kezkagarriak hirugarren fasearen atarian, udari begira, eta eguzkia bete-betean dela terrazetan eta hondartzetan. Hauteskundeetara deitu behar ez zela zioten ahots kritikoak ere isilduz doaz, kanpainan sartu ezean jokoz kanpo geratzeko arriskua dutelako, inoiz baino gehiago.

Gera daitezela kezkak, beraz, udazkenerako, ekonomiaren larriak etxe are gehiagotara iristen direnerako. Gera dadila konfinamendua oroitzapen lauso batean, kutsatuak eta hildakoak zenbatzen hasi behar den arte behintzat, orain hauteskunde garaia da eta.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...