mikel rodriguez
HIZPIDEAK

Faraoi ehortzia

2021eko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
«Frantziako hizkuntzak», pluralean, «altxor nazional bat» direla erran du Emmanuel Macron errepublikako presidenteak, eta «aniztasun linguistiko hori bermatzeko bitartekoak» aurkitzeko eskatu dio bere gobernuari, Frantziako Konstituzio Kontseiluak hizkuntza gutxituen legeari buruz emandako epaiak murgiltze eredua arriskuan paratu ondoren. Murgiltze eredua sustatzen duten elkarteak goraipatu ditu mezuan; horien artean, Seaska. Ez da anitzetan aditu izanen ikastolen aldeko solasik Frantziako edo Espainiako agintari gorenen aldetik.

Hala ere, Macron eta gobernua egoeraren erantzule dira. Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroa Molac legearen aurka agertu zen Frantziako Asanblean, eta haren alderdiko 60 diputatuk paratu zioten helegitea gehiengoak onartu zuen arauari. Kontrako erantzuna ikusi ondoren, badirudi Macronek harrapatu nahi duen irtenbidea dela egungoari eustea. Molac legeak hiztunen eskubideak betetzeko pauso bat gehiago eman nahi zuen, baina Eliseoak oraingoa baino ez die eskaini nahi okerragoaren alternatibatzat. Dena den, Macronek oraingoa mantentzeko zirrikituren bat utziko balu ere, etorkizunerako idatzita gelditu da Konstituzio Kontseiluaren epaia. Egiptoarrek lurpetik inoiz aterako ez zirelakoan ehortzi zituzten faraoiak, pentsatu gabe handik gizaldi batzuetara arkeologo ingeles batzuk ager zitezkeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.