mikel rodriguez
HIZPIDEAK

Lurraldetasun tentsioak

2021eko urriaren 14a
00:00
Entzun
Erresuma Batuaren lurraldetasun auziak tenkatu ditu brexit-ak. Irlandako mugan sortuko litzatekeen arazoa saihesteko protokoloa sinatu zuten EB Europako Batasunak eta Erresuma Batuak duela bi urte, baina Boris Johnson lehen ministroaren aholkulari buru izan zenak, Dominic Cummingsek, adierazi du Johnsonen intentzioa zela sinatutakoa ez betetzea, Ipar Irlanda Britainia Handiari lotuta mantentzeko Londresek nahi duen modura.

Brexit-aren arkitektoak jakitun al zeuden, EBtik ateratzeko prozesua sustatu zutenean, erresumaren lurraldetasun tentsioak berpiztuko zituztela? Eta EBk argi al du bere jarrera tentsio horiekiko? Eskoziako Gobernua bigarren independentzia erreferendumerako bidea nondik urratu argitu nahian ari da. EBk ez du gauza handirik erran Eskoziaren inguruan, oraingo egoeran ez baitio zuzenean eragiten, eta, teorian, batasuna ez baita independentismoen lagun.

Irlandan, ordea, saihetsezinezkoa zaio erabakiak hartu eta, beharrezkoa bada, Erresuma Batuarekin gatazka zuzenean sartzea. Eta bi aldeek uharte horri buruz duten desadostasun ororen emaitza da EBk Erresuma Batuaren lurraldetasun auzian tentsioa gehitzen duela. Giroa ezegonkorra den bitartean, Irlandako eta Eskoziako nazionalismoek beren kartak jokatzeko abaguneak izanen dituzte. Baina EBk ere baditu lurraldetasun auziak bere barrenean. Hasiko al da agertzen, epe laburrean, mamu errusiarraz gain, mamu ingelesik gatazka horietan?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.