mikel rodriguez
HIZPIDEAK

Paralelismoak

2022ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Ronald Powaski historialari estatubatuarrak 1998an idatzi zuen Gerra Hotza: Estatu Batuak eta Sobietar Batasuna, 1917-1991 lana. Boris Jeltsin zen orduan Errusiako presidentea. Zazpi urte ziren Sobietar Batasuna desegin zela, eta federazio berria barne krisi latza pairatzen ari zen. Definitzeko zuen oraindik nazioartean zer izanen zen eta, gehienbat, Mendebaldearekin zer harreman mota izanen zuen. «Jeltsin erori, eta Errusian nazionalismo erasokorragoa ezarri, eta demokrazia eta kapitalismoa gutxituz gero, Gerra Hotza berpitz liteke», idatzi zuen Powaskik.

1998an ez zen hurbileko aukeratzat hartzen Gerra Hotza berpiztea. Powaskiren ondorio batzuek, gainera, kritika anitz jaso zituzten. Georgiaren aurkako gerraz geroztik (2008), ordea, ohiko bihurtu da Gerra Hotzaren berpiztea aipatzea.

Powaski ez zen guztian okertu. Tentsio nuklearra da Gerra Hotzaren oinordekotza bat, eta nazionalismoa ere identifikatu zuen Errusia berriaren ezaugarritzat. Baina Gerra Hotzaren urtzeak egungo gatazkaren jokalekua markatu badu ere, behin paralelismoak bilatzen hasita, gatazka geopolitikoak antz handiagoa du agian XIX. mende bukaerako eta XX.aren hasierako kapitalismoaren barneko lehia inperial eta nazionalistarekin, elkarren ifrentzu diren bi eredu ideologikoren arteko borroka global batekin baino. Inperio handien mugimenduak eta erretorikak puztu eta gaiztotu ondoren, aitzakia bat erabilita egindako inbasio batekin hasi zen gerra 1914an. Nola bukatuko diren jakin gabe hasten dira gerrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.