HIZPIDEAK

Zirkulu gaizto bat

mikel rodriguez
@MikelR28
2022ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Nafarroako Administrazio Auzitegiak Atarrabiako Udalari agindu dio pilotalekuan duela urte batzuetatik marraztua dagoen Euskal Herriko armarria ezabatzeko. UPNren eskaera bati arrazoi eman dio.

«Nik uste dut atzera goazela», adierazi dio Mikel Oteiza Atarrabiako alkateak Euskalerria Irratiari. Oteizaren ustez, auzitegiak Sinboloen Legearen «irakurketa zorrotz bat» egin du. Aste honetan bete dira 40 urte Nafarroako Parlamentuak Foru Hobekuntza onartu zuenetik. Ordutik, alderdi abertzaleek 2015-2019ko legegintzaldian izan zuten botere instituzional handiena, baina ez zuten ekinaldirik hasi alderdi nazionalista espainiarrek euskara mugatzeko eta euskal nortasuna adierazten duen sinbologia espazio publikotik debekatzeko eratu duten sare legalaren funtsa desegite aldera.

UPN da euskal nortasuna bazterkerian mantentzeko sarearen egituratzaile eta berme nagusia, eta oposizioan dago gaur egun. Horrek zirkulu gaizto batean barneratu ditu alderdi abertzaleak: beldur dira diskriminazioaren erroa bukatzeko ekinaldi bat hasiz gero UPNren mehatxua handituko den, eztabaida identitarioaren lohian eroso mugitzeko esparrua eraikia baitu. Baina, aldi berean, euskaldunen eskubideen alde eta euskal sinbologiaren debekuaren aurka neurri erabakigarriak sustatu gabe, sare legala bere bidea urratzen ari da oraindik, eta ondorio kaltegarriak handitu egiten dira euskal nortasuna adierazi nahi duten nafarrentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.