Ahaldundu kontzeptua Euskal Herrian feminismoaren bidez zabaldu da gehienbat. Euskalgintzak, feminismoaren eredutik tiraka, euskahaldundu sustatu zuen duela urte batzuk, baina euskahalduntzea abiatzeko astirik eman gabe ailegatu da erdahalduntzea.
Berez, nahiz eta hitz jokorako gaia eman, ez litzateke zuzena erdahalduntzea erabiltzea, ahalduntzea diskriminazio edo minorizazio egoera batean dagoen kolektibo batek berdintasuna eta burujabetza lortzeko ematen duen pausoa baita, eta, begi bistakoa denez, ez da hori euskaraz ez dakiten gaztelania eta frantses hiztunen egoera. Ahalduntzea ez, oldarraldia da erdalzaletasunetik abian paratu den prozesua, mendeetan galdutako espazioa berreskuratzeko bidea egiten ari den hiztun komunitate bati hesi bat paratzeko.
Berritzeguneetan lanean hasteko ahozko probak euskaraz egiteko irizpidea ezarri zuen iaz Eusko Jaurlaritzak, baina, aurten, aldatu egin du, eta «ahal bada» izanen da horrela. Arrazoitu du ezin dela proba euskaraz egiteko derrigortasuna legez ezarri, izangaiek hizkuntz eskakizuna egiaztatuta baldin badute. «Oldarraldi judizialaren efektuetako bat, kasuan kasuko epaiez gaindi, hau ere bada: neurri kontserbadoreak hartzea», laburbildu du Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak. Euskahaldundutakoari gibelera eginaraztea: erdahalduntzea.

HIZPIDEAK
Erdahaldundu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu