mikel p ansa
HIZPIDEAK

Izurriteak

2019ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Xingola horia eta xingola marroia izurrite modakoak eta komentatuak bihurtu ziren. Baina nekez adituko da ezpelaren sitsari buruzko berririk. Labur esateko: Asiatik iritsitako tximeleta espezie bat, Cydalima perspectalis, ezpel guztiak jo eta txikitzen ari dena. Euskal Herriko ezpel autoktonoa galtzeko arriskuan jarri du bost urte eskasean. Baina ezpela ez da pinua. Ezpelak ez dauka, atzean, pinuarena bezalako lobbyrik. Eta zabalduko dira mila alerta dei pinuaren egoerari buruz. Baina ezpela isil-isilik desagertuko da, industriarik eta irabazi milioidunik ez dakarrelako.

Sistema honen gaitz askoren erakusle da ezpelaren krisia. Nola pertsonek natura kontsumitzen duten, beren komenentzien eta irabazi azkar eta itsuen faboretan. Nola bazter uzten eta kondenatzen dituzten errentagarritasun azkarrik ez duten espezieak —hazkunde luzekoa baita ezpela; urte luzez altzari eta sukaldeko tresnak egiteko oso preziatua izan dena; baina eskala industrialean esplotatzeko kapitalismoaren logikatik urrun dagoena—. Nola kontrolik gabeko globalizazioak hankaz gora jartzen dituen ekosistemak, desoreka arriskutsuak sortuz —dagoeneko hemen dira Asiako liztorrak, zizareak eta tximeletak, bioaniztasuna txikitzen ari direnak—. Eta nola pertsonei apenas inporta zaien bioaniztasunaren galera hori.

Egia esan, ezpelaren sitsaren tankera dauka humanitateak. Bizitzeko behar duen ekosistema suntsitu egiten du, izurrite bat balitz bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.