Amagoia Mujika Tolaretxipi.
HIZPIDEAK

Macronen neutraltasuna

2020ko urriaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Errepublika handia eta batez ere bakarra, zatiezina. Parisek jarraitu nahi du beti horren gogoko izan duen premisan sakontzen. Abenduan lege proiektu gisa aurkeztuko dutenaren lagin preziatuak erakutsi zituen atzo Frantziako presidente Emmanuel Macronek, bere estilo solemnean. Frantziarrak frantziarrago izateko errezeta gehiago: «Errepublikaren balioen kontratu bat» izenpetuko dute laguntzak jasotzen dituzten elkarteek, inork ez dezan zalantzarik izan non gauden eta zer garen, eta, elkarte horietako kideek zalantzarik badugu, desegin ditzakete «neutraltasuna» ezbaian jartzen duten jarrerak neutralizatze aldera, «balio errepublikanoak indartzeko». Ikastetxeak ere itxi ahal izango dituzte Errepublikaren balioei muzin eginez gero.

«Separatismo islamista borrokatzeko plana» omen, eskuin muturrari keinuka ari dela, behar baitu haien miresmena bereganatu, eta, bide batez, beldurra arma boteretsua baita arazo sozialak bigarren mailan uzteko; eta beste bide batez, zergatik ez, «separatismoen ezberdinkeriak» suntsitzeko, Frantziako Estatua iaioa baita ustez zerbaiti aurre egiteko legeak asmatzen eta beste gauza askotarako erabiltzen. Euskal Herrian euskarak pairatzen duen zapalkuntza da adibide bat, euskara ez baita neutrala. Frantsesa bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.