KRITIKA. Opera

Antzezpen boteretsua

2018ko azaroaren 30a
00:00
Entzun

'Fidelio'

Musika zuzendaria: Juanjo Mena. Eszena zuzendaria: José Carlos Plaza. Non: Bilboko Euskalduna Jauregian. Noiz: Azaroaren 27an.

OLBEk maila handiko operarekin ospatu nahi zuen bere historiako 1000. opera-emanaldia. Eta eder ospatu ere! Izan ere, Fidelio da Beethovenek idatzitako opera bakarra —asko kostata gainera—, eta errepertorioan dagoen zailenetarikoa delako, konpositoreak eraiki baitzuen bilbatura sinfoniko konplexua bai musikarientzat bai abeslarientzat. Emanaldi honetan, Juanjo Menak deskorapilatu egin zuen konpasez konpas goian esandako bilbatura sinfonikoa, zuzendaritza zehatzaren eta sakonaren bitartez. Gauza da diskurtso beethovendarra ñabarduraz beterik dagoela askatasuna, maitasuna, diktaduraren zapalkuntza eta emakume ausartaren balentria adierazteko. Hori guztia ateratzeko, zuzendariak buru-belarri ekin zion lanari, eta, haren eskuetan, Bilbao Orkestra Sinfonikoak maila gorena erakutsi zuen hasierako Obertura-tik azken kontzertante zirraragarri eta indartsuraino, publikoaren emozioarako.

Bada, pentagramak konplexuak badira orkestrazioan, beste horrenbeste esan dezakegu abeslariek aurre egin dioten lerro-kantuari. Erreskate-opera honek, non preso baten emazte heroia kartzelari mozorrotzen den espetxean eta hil arriskuan dagoen senar torturatua askatzeko, kalitatezko ahots dramatikoak behar ditu, eta beste instrumentuak balira bezala ekin. Afera horretan, maila eman du bikote protagonistak, eta baita ziurtasuna erakutsi ere, nahiz eta bolumenik eza jasan bakoitzaren kantaldian. Elena Pankratova soprano dramatikoak neurriz abestu eta antzeztu zuen dramaz eta maitasunez beterik dagoen rola. Peter Wedd tenor dramatikoak antzezmodu egokiak azaldu eta dramatismoz abestu zuen preso torturatuaren rolean. Kartzelariaren rola jokatzen duen Tijl Faveyts baxuak lan handia egin zuen abesten, erregular eta ondo antzeztuz. Asko gustatu zitzaigun Anett Fristsch sopranoa: tinbre atsegina, potentzia eta ukitu ezinezko fraseoa azaldu zituen amodio errugabea azaltzeko. Mikel Atxalandabaso tenorrak ondo abestu zuen amorante errefusatuaren rolean. Sebastian Holecek baritonoari egokitu zaio maltzurraren rola jokatzea, eta modu sinesgarrian ekin zion zapaltzaile, torturatzaile eta hiltzailearen pertsonaiari. Aparteko aipamena egin behar diogu Bilboko Opera Koroari; gizonezkoek presoen koro harrigarria abestu eta, emakumeekin batera, oso ondo interpretatu zuten askatasunaren aldeko azken koraldia.

Jose Carlos Plaza eszena zuzendariaren dekorazioak ilunera jo zuen, eta primeran jolastu zen mugimendu eszenikoarekin. Espainiako ziegetan torturatzen diren preso politikoen tokia irudikatzeko, ia eszena osoa okupatzen zuten bi lauza jarri zituen, bata zolaren gainean eta bestea presoen buruen goitik zintzilikaturik. Batzuetan, goiko lauzak presoak zapaltzeko keinua egin zuen, harik eta azken eszenan presoen eta herri osoaren besoek tirania birrindu eta euren burua askatu zuten Beethovenen jenio musikalaren apoteosioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.