KRITIKA. Zinema

Zinema eta askatasuna

Gontzal Agote.
2019ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun

'Once Upon a Time in... Hollywood'



Zuzendaria: Quentin Tarantino. Herrialdea: AEB.Iraupena: 161 minutu.

Halabeharraren irribarre ironikoa dela medio, batera etorri dira bi gertakariak: Peter Fondaren heriotza eta Once Upon a Time in... Hollywood honen estreinaldia. Beltzenean jarrita, marketin kanpaina ematen du, Easy Rider eta Quentin Tarantino mendea eta segundoa gurutzatzen diren lekuan betiko elkar lotzeko.

1969. urtean estreinatu zen Dennis Hopperren filma. Berehala, garai hartako AEBen erretratu ikoniko bihurtu zen, belaunaldi berrien eredu, amets askatzaileen isla. Ameskeriak, baina, ez zuen luze iraun; hippyek eta beste askok nahi zuten erabateko eraldaketa barneratzen jakin zuen munstroak.

Manson familiak zerikusi handia izan zuen aro horren bat-bateko amaierarekin. Sharon Tateren hilketa mailukada bat izan zen, errealitate gordinaren eta ordenaren itzulera ezinbestekoa. Akabo loreak,azidoak eta gainerako tumatxak; Nixon eta mariatxien garaia zen.

Historiaren ertz hori aukeratu du Tarantinok bere historia eta bere zinemaren istorioak kontatzeko. Patxadaz, inongo presarik gabe, gozatzen eta gozarazten. Jackie Brown egin zuenetik ez zitzaion halako tempusik antzematen zinemagileari, eta, askoren gustukoa izanen ez den arren, erritmo horrek bere mailarik gorena berrerakusteko balio izan dio.

Tarantinoren dohain paregabeak daude bilduta filmean: plano bakoitzari darion pasioa izerditzen da, sekuentzia ahaztezinak ehuntzen maisua da —ez horrenbeste sekuentzia horiek elkarren artean lotzen, baina tira—, elkarrizketek segitzen dute buruz ikasi beharrezkoak izaten...

Hori guztia ezaguna genuen, baina oraingoan kondentsatuta eman digu zuzendariak, Once Upon a Time in... Hollywood bere filmografiaren sintesi moduko bat baita; dena da bertan, erakustaldi totala, behar bezala dosifikatuta. Eta muinean, jakina, zinemari —zinemei, zehatzago— egindako enegarren maitasun adierazpena, libre eta erradikala.

Fondarentzako azken omenaldia balitz bezala, argia bezain gordina da filmaren mezua: soilik zinemak bilakatzen ahal ditu askatasun ametsak errealitate.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.