KRITIKA. Musika

Gazteak andante

2021eko uztailaren 29a
00:00
Entzun

Euskal HerrikoGazte Orkestra

Zuzendaria: Ruben Gimeno. Egitaraua: W. A. Mozarten 12. serenata (K388) Nachtmusik eta J. Brahmsen 1. serenata op. 11. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: uztailak 27.

Apenas 26 urte dituela, 1782ko uztailaren 27an, W. A. Mozartek bere aitari idazten dio aukerarik ez eta serenata bat idatzi behar izan duela presaka, baina soilik haizeen bandarako. 239 urte geroago, hain justu, Euskal Herriko Gazte Orkestraren udako topaketaren programa irekitzen aurkitu dezakegu obra, bertan haize talde egonkorra sortzeko asmo irmoa baitute, ganbera musikaren lanketan sakontzeko aukerak zabalduko dituena.

Viktoria Eugeniako taula gainean izan zen zortzikotean une oro oreka izan zen nagusi; eta tarteka musikaren norabidea atzemateko zailtasunak agertu arren, ez ziren jitoan ibili, behar zenean lema batak besteari pasatuz. Lehen Allegro-an, oboea melodikotasun eta gustu handiz; Andante-an, klarineteak mugimenduaren baretasuna eta kontenplaziorako deia ekarri zituen; Minuetaren hirutarrean, gaia oboeen eta fagoten artean jolasean.

W. A. Mozarten Nachtmusik eta divertimentoetan zein L. V. Beethovenen zazpikoteetan inspiratuta estilo neoklasiko argia duena, Johannes Brahmsen 1. serenata bere izenean argitaratutako lehen orkestra-partitura izan zen, 1860an. Zirriborroak pare bat urte lehenago hasi zituen, Leopold printzearen gortean lanaldi partzialean musika irakasle zela, Clara Schumannen gomendioari esker. Sei mugimenduetan eragin klasikoa bistakoa bada ere, piezan Brahmsek jorratutako mami erromantikoa ageri da nonahi.

EGOk eskainitako soinuan eta dinamiketan trinkotasuna izan zen nagusi, Ruben Gimenoren keinu motela gaindituz. Lehen mugimenduaren gai ugariak oparo garatu zituzten, batez ere kodaren bidaia onirikoan, arin baina sakon. Adagio-an hariak eta fagotak erregistro baxuan doi aritu ziren, Brahmsen idazketaren malenkoniaz kutsatuta, flautak maisuki itxi zuena. Tronpek, bere aldetik, lehenengo Scherzo-a agerraldi sendoz hornitu zuten; bukaeran, orkestra osoa batu zen Rondo-aren bizitasunean.

Programan konpositore gazteak eta musikari gazteak agertokian, Gazte Txartela eskuetatik erauzi baino lehen badago jakinduria eta sen ona topatzeko itxaropenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.