Datorren asteko estreinaldiak

Akzio klasikoa eta arrakastatsua

Keanu Reeves aktoreak antzezten duen John Wick pertsonaian oinarrituriko saila hirugarren atalera iritsi da

John Wick pertsonaian oinarrituriko istorioak DVDaren merkaturako produktua izan behar zuen, baina, azkenean, pantaila handirako saga bihurtu da. BERRIA.
Gontzal Agote.
2019ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
2014. urtean hasi zen John Wick pertsonaian oinarritutako saila; zarata handirik sortu gabe agertu zen, eta, itxuraz, zuzeneanDVDetako merkaturako egindako akzio film txiki bat besterik ez zen. Aurrekontu txiki samarra, zuzendari ezezaguna, eta ordurako bere onena emana zirudien aktore bat: Keanu Reeves.

Askoren harridurarako, lehenengo film horrek harrera ezin hobea izan zuen. 1980ko hamarkadako akzio filmen energia eta estetika bere egiten asmatu zuten Ched Stahelski eta David Leitch zuzendariek. Horretaz landa, istorioa ez zen bereziki originala: John Wick New Yorken erretiratuta bizi den gangster bat da, eta mendekua hartu nahiko du dena kendu zion gangster talde baten kontra.

Abiapuntu sinple hori aski izan zen filma arrakasta komertzial errentagarri bihurtzeko; 30 milioi dolarreko ekoizpena izan zen, eta 90 milioi inguru bildu zituen mundu osoan. Era berean, aspaldiko partez, Keanu Reeves aktoreak asmatu egin zuen rol bat aukeratzeko orduan.

Horiek horrela, denbora kontua zen bigarren partea egitea. 2017an ailegatu zen, eta aukeratutako izenburuak argi adierazten du sailaren izaera sinplea: John Wick: Chapter Two. Ched Stahelskik bakarka ekin zion zuzentze lanari, eta, aktoreen artean, Keanu Reevesenaz gain, hainbat izen ezagun agertzen hasi ziren: Ian McShane, Laurence Fishburne eta Franco Nero bera.

Istorioak ez zituen askoz ertz gehiago: John Wickek aspaldiko adiskide bati lagundu beharko dio nazioarteko hiltzaile talde baten kontrako borrokan. Misio horrek Erromaraino eramanen du gangster ohia. Berriro ere, formulak ongi funtzionatu zuen, eta bigarren John Wick are arrakasta handiago bihurtu zen: 40 milioi dolarreko aurrekontua izan zuen filmak, eta 170 milioi dolar inguru bildu zituen. Ordurako, gainera, kultuko pertsonaia bihurtua zen Wick; beste behin ere, ahoz ahokoa izan zen marketin kanpainarik eraginkorrena.

Aktore beteranoak

Orain, hirugarrenaren txanda iritsi da. Itxuraz, aldaketa gutxi: Stahelskik segitzen du zuzendari lanetan, Reeves da erabateko protagonista, eta istorioa ere ez da sotiltasunetan galtzen. Hori bai, izenburua zertxobait landuago egin dute: John Wick: Chapter 3 - Parabellum.

Gainerakoan, Ian McShanek eta Laurence Fishburnek haien roletan segitzen dute, eta bi fitxaketa berri egin dituzte: Halle Berry eta Anjelica Huston. Filmaketa, berriz, New Yorken eta Marokon egin dute, eta, besteak beste, Michael Curtizen Casablanca film ezagunari omenaldia egiten dio filmak.

Sari handia dago John Wick harrapatzen duenarentzat: 14 milioi dolar. Dirutza hori tartean izanda, hamaika hiltzaile abiatuko dira Wicken bila, eta hura batetik bestera ibiliko da, inorekin fidatu gabe.

'JOHN WICK: CHAPTER 3 - PARABELLUM'

Zuzendaria. Chad Stahelski.

Aktoreak. Keanu Reeves, Halle Berry, Ian McShane, Anjelica Huston.

Herrialdea. AEB.

Urtea. 2019.

Iraupena. 130 minutu.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.