Albistea entzun

Santu beltzaranari agurra

Prozesioan herritarrek txaloka hartu dituzte hala santua nola Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa, dantzariak eta Pamplonesa

Hasieran, Mercaderes kalean istilua piztu da, eta udaltzainek borrekin jo dute jendea
Prozesioa, Curia kalean gora, eta jendea alboetan.
Prozesioa, Curia kalean gora, eta jendea alboetan. JAGOBA MANTEROLA / ARP

Joxerra Senar -

2011ko uztailak 8 - Iruñea

Festei izena ematen dien santuaren irudiak 364 egun egiten ditu San Lorenzo elizako hormen artean. Bere egun handian, ordea, santu beltzaranak urtero legez ateak zeharkatu eta argitara ateratzen da prozesioan Alde Zaharra zeharkatzeko. Bere kapa dotoreenarekin jantzia, harribitxizko tximeleta eta eskorpioiak dituen mitra buruan eta bere bereizgarri den makulua soinean, herritarrek txalo artean hartu dute aurten ere Iruñeko festen ikur nagusia, eta prozesioak egin duen denboran hainbat aldiz omendu dute.

Uztailaren 7koa erlijio prozesio bat baino zerbait gehiago da. Tradizioa eta erritual soziala uztartzen ditu. Iruindarrek agur egiten diote santuari eta herritarren bateratzaile diren prozesioko beste parte hartzaileei: Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa, udal dantzariak, peñen ordezkariak eta Pamplonesa musika banda. Baina nork bere filiak eta fobiak adierazteko tartea ere ematen du prozesioak, eta, ibilbideko gunearen arabera, Iruñeko alkatea eta artzapezpikua zein kabildoa txalo artean edo txistu artean hartzen dituzte herritarrek.

Istiluak Mercaderesen

Gaizki hasi zen atzo, ordea, prozesioa. Katedraleko kabildoa udaletxera bidean zihoala, Mercaderesen udaltzainen eta han ziren herritarren artean tentsio uneak sortu ziren. Lekuko batek azaldu duenez, kabildoa pasatu zenean, udaltzainak toki berera itzuli ziren, eta tentsioa areagotu egin zen. Bideo batean jasotako irudietan ikusten denez, une batean, udaltzainak borrak atera eta kolpeka hasi ziren. Gainera, istiluetan parte hartu ez arren, taberna bateko zerbitzari bat atxilotuta eraman zuten. Gerora aske utzi zuten.

Handik aurrera, normal-normal garatu zen dena. Haurrek gozatu egin zuten buruhandiekin eta kilikiekin. Usadioari jarraituz, Kontseiluaren plazan San Fermini jota abestu zioten. Ez zen toki bakarra izan. Kale Nagusian, kasu, San Ferminek gelditu egin behar izan zuen bere omenezko doinu eta jotak entzutera.

Ordubete pasatuta, 12:00etan, santu beltzarana San Lorenzoko betiko txokora itzuli zen, eta han Francisco Perez Iruñeko eta Tuterako artzapezpikuak meza eman zuen. Hura bukatuta, prozesioak kabildoa katedralean uzteko norabidea hartu zuen.

Ohi legez, udal taldetako zinegotziek Erronkariko jantzi tradizionalak zeramatzaten soinean. Bi hautetsi falta ziren. Ezkerrako Edurne Eginok ez parte hartzea erabaki zuen, eta NaBaiko Uxue Barkosek Kale Nagusiko balkoi batetik ikusi zuen prozesioa. Udalbatzaren buruan NaBaiko Aritz Romeo zihoan, eta atzean, segurtasun handiaren erdian, alkate berria, Enrike Maia. Curia kalean gora, txistu artean hartu zituzten herritarrek hala artzapezpikua nola Maia. Haatik, ez ziren lehen orduko istiluak errepikatu. Txistuak ere berehala isildu ziren. Inondik ere, Enrique Maia ez da Yolanda Barcina... oraingoz.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Olatu sinkronizatua

Berria

Bi urte barru Europako kultur hiribirua izateko bidean, bosgarren Olatu Talka lehertu da asteburu honetan Donostian, 250etik gora proposamen sinkronizatu eskainita parte hartu nahi duen orori. Sormena, kirola argazkian, Easo igeriketa taldeko kideen atzoko erakustaldia, aldarrikapena eta elkartasuna nahastu dira egitarauan. Donostiatik kanpo ere zabaldu da aurten eskaintza, gainera.

Alarmak piztuta

Berria

Nafarroan, berezko arraza batzuk galzorian

60 urteko gaztea

Berria

Fender Stratocaster gitarra elektrikoa, 1954tik doinuka

Hemen da Olentzero

Berria

Gaur kalez kale eta etxez etxe ibiliko da, haurren begiradapean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.