Aldirietako bizitzak erdigunean

'Les Pires'-ek film bateko protagonistak izateko hautatutako auzo gatazkatsu bateko lau gazteren istorioa kontatzen du

Les pires filmean parte hartu duten haurretako bi. ERIC DUMONT / LES FILMS VELVETS.
Uxue Arzelus Lasa.
2022ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Ryanek, haserre kontrolaezinez borborka dagoen haurrak, sei hilabete daramatza bere ahizparekin bizitzen, zaindu ezin duen ama baten ondorioz harrera etxe batetik bestera ibili ondoren; Lily gazteak, bere anaia txikiaren heriotzak sortutako saminetik ihesi dabilela, nerabeen isekak eta gizonek jarri dizkioten etiketak ditu bizkarrean; Jessy harroak hiru hilabeteko espetxe zigorra bete berri du baimenik gabe gidatu eta oinezko bat harrapatzeagatik; eta Maylisi ezerk ez dio axola.

Laurak dira Lise Akoka eta Romane Gueret zuzendarien lehen filmari izenburua ematen dioten horiek: okerrenak. Boulogne-Sur-Mer udalerriko Picasso auzoan bizi diren gazteak dira: aldirietako langile auzoa da, ekonomikoki eta sozialki aukera asko ematen ez dituena, eta protagonistek ere ez dute bizitza erraza izan. Hala ere, film bateko aktore bilakatuko dira, casting prozesu luze baten ondoren hautatuak izan baitira.

Dokumental baten premisa dirudien hau, fikziozko lan bat da, metazinema kontakizun bat. Pantailan film bat grabatzen ari diren haur eta nerabe batzuk agertuko dira, eta errealitatean film bat grabatzen ari ziren haur eta nerabe batzuekin egin zuten lan zuzendari frantsesek; Boulogne-Sur-Mer udalerriko aktore ez profesionalekin, hain zuzen. Gauzak horrela, errealitatearen eta fikzioaren arteko mugarekin jolasten du Les Pires-ek, eta ikusleak pertsonaien bitartez hausnartzera daramatza: beharrezkoa al zen horrelako auzo batean film bat grabatzea? Ez ote ditu auzoaren irudi txarra eta jendearen aurreiritziak areagotuko?

Akoka eta Gueret film baterako casting batean ezagutu ziren. Lehena casting zuzendaria zen, bigarrena praktikak egiten ari zen. Frantziako iparraldeko meatze-eremu batera joan ziren, filmean azalduko ziren haurren bila. Hortik sortu zen Chasse royale, haien lehen film laburra egiteko ideia, casting basatien ideian oinarrituta. Cannesko jaialdiko Errealizadoreen Hamabostaldian hautatua izan ondoren, gertukoak zituzten gaiekin jarraitu nahi izan zuten, eta filmaketa prozesuari buruzko istorio bat kontatzea erabaki zuten.

Bilaketa eta lanketa luzea

Les Pires-eko protagonistak topatzeko bilaketa luze bat egin zuten, eta behin aktoreak hautatuta, hiru urtez lan egin zuten gazteekin, grabatzen hasi aurretik. Prozesu guztian zehar, ordea, egiten ari ziren lanak haur horiengan izan zezakeen inpaktuak zalantzak sortu zizkien; aldirietako hainbat auzotara joan ziren filmerako haur bila, eta ezer eskatu ez duten, aktoreak izateko interes berezirik ez duten haurrak bilatzeko erantzukizuna zuten buruan. Zeintzuk dira mugak? Pribilegioz beteriko bizitza bat duten heldu batzuen begiradatik ematen ari ziren ahotsa haur horiei, eta horrek dilema ugari sorrarazi zizkien.

Hausnarketa eta kezka horiek lagun, zinema esperantzarako leku izan daitekeela iradokitzen dute zinemagile frantsesek, baina baikortasun irreal batean erori gabe: batzuentzat aukera berriak eskaini ditzake; ez da gauza bera izango denentzat, ordea. Horrela, drama eta komedia uztartuz, Akoka eta Gueret melodramatik urrundu dira, eta ikusleak haur eta gazteen begiradan kokatzen dituen lehen planoekin eta dokumental tankerako kamera mugimenduekin guztiz ezberdinak diren bi munduren arteko topaketa erretratatu dute.

'LES PIRES'
Zuzendariak: Lise Akoka eta Romane Gueret.
Gidoilariak: Lise Akoka, Romane Gueret eta Elenore Gurrey.
Aktoreak: Johan Heldenbergh, Matthias Jacquin, Loïc Pech, Mallory Wanecques, Dominique Frot.
Generoa: Drama.
Urtea: 2022.
Iraupena: 96 minutu.
Herrialdea: Frantzia.
Estreinaldia: abenduaren 7an estreinatuko da Iparraldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.