Noiz sortua: 2019-07-20 00:30:00

DARWIN ETA GU

Gineako aizkolariak

Jose Mari Pastor -

2019ko uztailak 20
Guinea. El franquisme colonial erakusketak Afrikako herrialde horri buruzko datuak eta hainbat aurreiritzi arrazista bildu ditu, Bartzelonan. Adibidez: La capacidad mental del negro liburua, 1952an Madrilen argitaratua. Edo bertako herritarrei helarazitako mezua: «Yo soy moreno de la Guinea, que por España va a luchar. ¡Viva España y el moreno español!». Eta aizkolarien presentzia. Aizkolari moreno-ak.

Erakusketako argazki batean azaltzen dira afrikar gazteak, aizkora eskuan, jo eta ke. Guineans fent un dol d'aizkolaris en una festa popular. Gizon moreno haiek norengandik ikasi zuten aizkoran ez da zaila asmatzea. Euskal militar, misiolari edo abentureroren bat egongo zen atzean. Edo merkatari bat. Kakaoa. Elgorriaga txokolatea gogoratzen?

Gineako herritar batzuk Espainiara joan ziren. Euskal Herrira ere bai. Aizkolari horietako bat izango zen haien artean? Zein da hemengo moreno horien pertenentzia sentimendua orain? Zeren eta gure Mendebaldean azalaren koloreak rol garrantzitsua jokatzen baitu, oraindik, sentimendu hori areagotu eta onartua izateko.

AEBetan ikusi dugu. Trumpek «haien etxera» itzultzeko esan die lau politikari demokratari, andre horietako hiru AEBetan jaio, hazi, bizi eta ikasitakoak diren arren. Zein da arazoa? Presidentea kritikatu dute, eta, azala oso zuria ez dutenez, «sorterrira» joatea aholkatu die Trumpek. Ez omen dituzte AEBak maite. Trumpen Amerika zuria da. Eta gizonezkoa. Presidenteak astakeriak esaten ditu, baina inork ez dio eskatuko Alemaniara, aitonaren herrira, bueltatzeko.

Zer da sorterria maitatzea? Egungo joera nagusietako batek esango dizu jaio zinen lekua errespetatzea eta haren alde egitea, bertako herritar guztien ongi izatea eta eskubide berdinak izatea bermatzea, haien potentzial osoa garatzeko. Teorian. Ederki baitakigu pertenentzia sentimenduak eta ezaugarriak ez direla beti errespetatzen.

Esate baterako: La Línea de la Concepción-en (Cadiz) reggaetona debekatu zuten igandean, domingo rociero delakoan. Alkateak 700 euroko isuna agindu zuen debekua errespetatuko ez zuenaren aurka. Musika andaluziarra baino ez. Demagun Gernikako festetan, San Roke egunean, reggaetona debekatu duela udalak. Soilik euskal musika entzungo da. 700 euroko isuna. Zer ez zuten botako hedabide espainiarrek euskaldun itxi astapotroei buruz. La Líneari buruz, berriz, ezer gutxi entzun da.

Sustraiak. Sentimenduak. Bilboko auzo batean bengalak jaurti dituzte Aljeriak Afrikako futbol txapelketan lortutako emaitza onak ospatzeko. Euskal Herri kontinentalean ere poza azaldu dute. Diferentzia bat: Bizkaian festa egin duten gehienak magrebtarrak ditugu jaiotzez. Lapurdikoak, aldiz, hemengoak dira. Pentsatzen hasita, zerk mindu beharko luke euskal independentista bat? Aljeriar sustraiak dituen herritar bat arbasoen bandera eskuan kalera irteteak ala beste herritar batek Espainiaren edo Frantziaren bandera ateratzeak?

Euskal independentista aginte nagusiaren banderak kezkatu beharko luke gehiago, kolonia ohi baten banderak baino. Euskal independentista esan dut, ez autonomista edo espainiar erregionalista. Akabo, egonezina aljeriarren banderak eragiten badigu, eta Espainiarenak, ez. Espainiarena onartu eta errespetatu egin behar da orain, garai berrien seinale. Normaltasunez ikusi. Hori mezua. Bandera aljeriarra, ostera, ez.

Hori bai arriskua: hainbeste erabakitzeko eskubide, hainbeste subiranismo —independentzia hitza gero eta gutxiago entzuten da—, hainbeste konfederazio, hainbeste «desberdinen arteko itun» aipatzen dira —beti desberdin jakin batzuek irabazten duten ituna, haien marra gorriak inposatuz, portzentajean gutxiago izan arren—, hainbeste kontsentsu eta kopla, non iparra galtzeko arriskua dugun. Txarto gabiltza Gineako aizkolarien birbilobek edo aljeriarrek haien bandera ateratzeak gehiago aztoratzen bagaitu euskal herritar ustez peto-petoek bihotza bandera espainiarraz biltzeak baino. Txarto ez. Oso txarto.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna