Gorka Orive.
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN

Txertaketa prozesua optimizatzea

2021eko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Laster hiru hilabete izango dira txertaketa prozesua hasi zela. Hiruhileko hau zaila izan dela esan dezakegu, eta sentipen gazi-gozoa utzi duela. Alde batetik, pozgarria da lau txerto seguru eta eraginkor edukiko ditugula eskura, baina, beste aldetik, txertaketa prozesuaren bidean arazoak eta oztopoak izan dira etengabe. Arazo logistikoak, burokratikoak, «trikimailuen» antzekoak, kontserbadoreegiak eta, batez ere, fabrikazio eta banaketa arazoak. Dosi askorik gabe, ezinezkoa da txerto asko jartzea.

Datorren hiruhilekoa giltzarri izango da abiadura etengabe batean aritzea lortzeko. Argudio askok pentsarazten dute egoera baikorra izango dela. Aurreikuspenen arabera, txerto gehiago izango dira, eta beste mota batzuetakoak ere bai. Espero da Pfizerrek ia bost milioi dosi entregatzea apirilean, eta Sendagaien Europako Agentziak dosi bakarreko lehen txertoa onartu du (Johnson & Johnsonena). Baina, prozesua bizkortzeko, beharrezkoa da orain baliabideak optimizatzea eta txertoak modu egokian lehenestea.

Optimizatzeak berekin dakar Pfizerren eta Modernaren txertoekin bi dosiko eredu bat ezarri beharra, eta erreserbak egokitu beharra fabrikatzaileek dosiak entregatzeko dituzten jarraibideetara. Optimizatzeak esan nahi du AstraZenecaren txertoak ahalik eta lasterrena jarri behar direla; izan ere, haien errefortzu dosia lehenengoa hartu eta 10-12 astera hartzen da, eta, beraz, ez du inongo zentzurik dosiak pilatzeak. Gainera, zenbait datuk erakutsi berri dute txerto horrek, lehen dosia hartu eta lau aste pasatuta, %94ko eraginkortasuna duela COVID-19 larriaren aurka. Optimizatzeak esan nahi du txertoaren dosi bakarra jarri behar zaiela infekzioa pasatua duten guztiei, izan asintomatikoak edo COVID-19a garatu dutenak. Optimizatzea talde jakin batzuk lehenestea da, sektorerik zaurgarrienetako zerrendak bizkortzea, txertaketa gune gehiago prestatzea, langileei baliabide gehiago ematea. Oraintxe, optimizatzeak esan nahi du arrisku taldeko pertsona gehiago txertatzea eta, hala, ondorio zorigaiztokoak murriztea.

Horrenbeste irrikatzen dugun talde immunitatea lortu aurretik (biztanleen %70 inguru txertatuta egotea), beste helburu bat ezarri behar dugu: arriskurik handiena dutenei txertoa jartzea. Eta, estatistikei erreparatuta, horrek esan nahi du 60 urtetik gorakoak txertatu behar direla, Espainian pandemia osoan hildakoen %95 adin tarte horretakoak izan baitira.

Abaila hartzeko zain gaudela, optimizatu egin behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.