Gipuzkoako bozetako emaitzei begiratu, eta horra: orain dela hilabete batzuk udal eta foru hauteskundeetan gertatu zen bezala, EH Bildu izan da orain ere lehen indarra. 116.414 boto lortu ditu orain herrialdean, botoen %31,2. Koalizio abertzalearen sendotasun hori alde batera utzita, aldaketak daude Gipuzkoako hautesleen hautuan. Boz hauetan, bigarren indarra PSE-EE izan da; botoen %23 lortu ditu. Hirugarrena EAJ izan da: botoen %22,6 lortu ditu. Eserlekuetan, hala ere, berdinketa izan dute hiru alderdiek: bina diputatu lortu dituzte.

Eserlekuen banaketari begira, 2019ko Espainiako Gorteetarako bozekin alderatuta, erretratua nahiko egonkorra da: EH Bilduk eta EAJk orduko hartako emaitzak lortu dituzte berriz, bina ordezkarirekin, eta PSE-EEk bat gehiago lortu du: bi ditu orain.
PSE-EErentzat eserlekua
Boto portzentajeetan, ordea, agerikoa da EAJ urteotan Gipuzkoan izaten ari den beherakada. Hain zuzen ere, orduan jeltzaleek eroso irabazi zituzten hauteskundeak, eta botoen %30 eskuratu zituzten; %22,6 izan dira orain. Boto kopurun, aldea agerikoa da: 2019an, 116.761 boto lortu zituzten; orain, 84.338 izan dira.
Agerikoa izan da, halaber, PSE-EEk hauteskundeotan izan duen igoera, botoen %23 lortu baititu orain: bost puntuko igoera izan du. Aurreko hauteskunde haietan, botoen %14,9 lortu zituen Elkarrekin Podemosek Gipuzkoan, eta, horren ondorioz, eserleku bat lortu zuen. Orain, Sumarrek botoen %10 lortu ditu, eta ordezkaritzarik gabe geratu da. PSE-EErentzat irabazia izan da eserleku hori. Gainerako herrialdeetan ere sendo ibili da, boz hauek, Madrilera oso bideratuta, izan dituzten berezitasunen erakusgarri, eta estatu osoan ordezkaritza duten taldeek kanpaina guztian izan duten aparteko oihartzunarena.
PPk, boto portzentajeari dagokionez, %2,4ko igoera izan du Gipuzkoan hauteskundeotan; igarri da hor ere boz hauetan egon den polarizazioaren eragina, baina igoera hori ez da aski izan ordezkaritza lortzeko: botoen %8,5 eskuratu ditu. Voxek 6.831 boto lortu ditu Gipuzkoan: botoen %2.
Gipuzkoako maparen txoko gehienetan EH Bilduren berde argia da nagusi. EAJren kolore ilunagoarekin, bost herri ageri dira: Elgoibar, Hondarribia, Beasain, Albiztur eta Abaltzisketa. PSE-EEren gorriarekin, hauexek: Irun, Errenteria, Donostia, Lasarte-Oria, Zumarraga eta Eibar.
Boz hauek izan dituzten berezitasunak argi ikusten dira hainbat hiri eta udalerritako emaitzei erreparatuz gero. Donostian, esate baterako, PSE-EEk botoen %25 lortu ditu orain, eta bigarren indarra EH Bildu izan da: botoen %21 eskuratu ditu. Maiatzeko udal hauteskundeetan, ordea, bestelakoa izan zen argazkia: lehen indarra jeltzaleak izan ziren orduan; EH Bildu izan zen bigarren indarra izan zen, eta PSE-EE hirugarrena. Errenterian kolore aldaketa nabarmentzeko modukoa da: PSE-EEk aurrea hartu dio orain EH Bilduri.