Urkulluren arabera, presoen hurbiltzea «legezkoa» eta «humanitarioa» da

PPko Carmelo Barriori erantzunez, adierazi du hurbiltzea ez dela «sari» bat, presoen senideen «egoera injustua arintzeko» neurria baizik

maddi ane txoperena iribarren
2020ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Euskal presoak hurbiltzea legezkoa, humanitarioa, presoen senideentzako onuragarria eta presoak gizarteratzerako beharrezkoa dela erran du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Atzo egin zituen euskal presoak Euskal Herriko eta gertuko kartzeletara hurbiltzearen aldeko adierazpenak, Carmelo Barrio PP Alderdi Popularreko legebiltzarkideari erantzunez, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan.

Urkulluk adierazi du «lege babes osoa» duela presoen hurbiltzeak, kartzela eta konstituzio legeekin bat doalako. Hala, aipatu du «ez legeek ez sententziek» ez dutela presoen urruntzea «zigorraren parte» gisa jasotzen: «Alderantziz, legeak dio ahal den neurrian presoek haien ingurune sozialetik hurbil egon behar dutela».

Presoen senideen sufrimendua arindu behar dela nabarmendu du Urkulluk, eta hurbiltzeak presoak gizarteratzen lagunduko lukeela ere bai: «Hurbiltzea ez da ulertu behar presoentzako sari gisa, baizik eta senideen egoera injustua arintzeko eta bergizarteratze legala errazteko neurri modura». Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gaineratu du Frantziako Gobernuak egindako gauza bera jasotzen duela Jaurlaritzak proposaturiko planak. Hurbiltze eskaerak ETAren aldebakartasunezko desegite itzulezinari erantzuten diola adierazi du.

Egindako mina aitortzea

Euskal presoak hurbiltzearen aurka agertu da Barrio, presoek «egindako mina aitortzen» ez duten bitartean eta «argitu gabe dauden krimenetan» justiziarekin kolaboratzen ez duten artean. PPko kideak Urkulluri leporatu dio ezker abertzaleko botoak lortzeko plan bat diseinatu izana. Urkulluk, berriz, oroitarazi dio Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidente zela ere egin zirela presoen hurbilketak, eta lehendik ere eginak dituela Jaurlaritzak halako proposamenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.