Koronabirusa. Eragina ekonomian

Cebek: «Lana dugun bitartean, irekita jarraitu behar dugu»

JON URBE / @FOKU.
Iker Aranburu.
2020ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Italian atzo itxi zituzten oinarrizko zerbitzu gisa hartzen ez diren enpresak. Espainiako eta Frantziako gobernuek halakorik ez dute erabaki oraindik, eta jarrera horrekin bat egin du Bizkaiko patronalak, Cebekek. «Arduratsua eta komenigarria da gutxieneko jarduera bati eustea, enpresak ez daitezen hilotz bihurtu pandemia igarotzen denean», azaldu du Iñaki Garcinuño presidenteak.

Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza ere iritzi horretakoak direla nabarmendu du, eta esan du Txinak eta AEBek ere fabrikak lanean dituztela. Uste du arrisku handiak daudela orain lantegiak geratuz gero. «Eskariak dituzte; itxiz gero, bezeroek ez digute itxarongo, eta beste hornitzaile batzuengana joko dute. Lana dugun bitartean, irekita jarraitu behar dugu».

Garcinuñok onartu du eskariak txikituz gero, agian, erabaki batzuk hartu beharko direla, baina horien artean ez du itxiera aipatu, baizik eta ordutegiak eta txandak aldatzea, eta oporrak aurreratzea. Era berean, Garcinuñok iragarri du urteko lehen bi hiruhilekoan kolpe handia jasango duela ekonomiak, baina espero du bigarren seihilekoak «erorketa konpentsatzea».

Gipuzkoako patronalak, Adegik, berriz, ez du adierazpen publikorik egin, baina haren iturriek BERRIAri adierazi diote funtsezkotzat jotzen dutela enpresak irekita jarraitzea, «ixtea oso erraza delako, baina berriro irekitzea ez». Langileen osasuna da lehentasuna Gipuzkoako patronalarentzat, baina «orekari» eusteko deia egin du, «neurri guztiak hartuta jarduerak aurrera egin dezan»..

Osasun krisitik ateratzean «gizarte moduan aurrera egiteko» funtsezkoa izango da enpresek zabalik jarraitzea, Adegiren ustez. «Enpleguaren %85 enpresa pribatuan dago Gipuzkoan», gogorarazi du, eta garbi utzi du ixtearen ondorioak «oso gogorrak» liratekeela, bai langabeziari begira eta bai zerga bilketari begira. «Enpresek sortzen dute enplegua eta aberastasuna».

Erantzukizunak

Langileen segurtasuna bermatuz gero, ekoizpena martxan jarraitzearen alde azaldu da CCOO, baina ez, ordea, ELA eta LAB. Azken horretako Ekintza Sindikaleko buruak, Xabier Ugartemendiak, berriro eskatu du ezinbestekoak ez diren enpresak ixteko, eta haserre azaldu da gobernuekin eta enpresaburuen elkarteekin.

ELAk iragarri du auzitara eramango dituela langileen iritziaren aurka enpresak irekitzen dituztenak, eta jarrera bera hartu duLABek ere. Gainera, ohartarazi du oinarrizko zerbitzuetan langileak prebentzio neurririk gabe ari direla. Patronalaren interesak defendatzea egotzi die Gasteizko eta Iruñeko gobernuei, eta guztiei egin die gerta daitezkeen kutsatzeen erantzule. «Nor egingo da hil den langilearen erantzule? Eta etorkizunean hil daitezkeenena? LABek argi du: «Gobernuak eta patronala egingo ditugu erantzule».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.