ANALISIA

Arauei kolpea Zubietan

inaki petxarroman
2021eko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak eta GHK-k elkarren eskutik bideratu nahi dute Zubietako erraustegian industria jatorriko hondakinak ere erraustea. Zaldibarko zabortegiaren hondamendiak eragindako egoera ekaitz perfektua balitz bezala baliatu nahi dute, herritarrei sinetsaraziz orain ez dagoela nola kudeatu lehen Zaldibarrera joaten ziren milaka tona industria hondakin horiek.

Kontua, baina, ez da horren erraza, eta industria jatorriko hondakinak Zubietara eramango balituzte, lege ikuspegitik zalantzazkoa den egoera bat eragingo lukete. Europako 2018ko Hondakinen Zuzentarauak, udal hondakinen definizioa emateko orduan, espresuki baztertzen ditu industria jarduerakoak. Izan ere, kudeaketa esparru ezberdinekoak dira batzuk zein besteak: hiri edo udal hondakinak, Europak darabilen terminologia aipatzearren, kudeaketa arlo publikokoak dira; industriako jatorrikoak, berriz, arlo pribatukoak. Esan nahi baita, hiri hondakinen kudeaketa udalek edo tokiko administrazioek herritarrei eskaini behar dieten oinarrizko zerbitzuetako bat da, ur hornidura eta kale garbiketa diren moduan. Industriak sortutako hondakinen gestioa, aldiz, enpresei beraiei dagokie. Bi errei horiek ezin dira nahastu, lege ikuspegitik bederen.

Gipuzkoako hiri hondakinen plangintza ere horren baitan eraiki da. Hiri Hondakinak Kudeatzeko Gipuzkoako Plan Integralak (HHKGPI), errauste planta Donostialdean ezartzea ahalbidetu zuen Lurralde Plan Sektorialak (LPS) eta erraustegiaren tamaina zehaztu zuen hondakinen sorrerako prognosiak, besteak beste, eskema horri erantzun diote. Zeresanik ez, ingurumen ikuspegitik erraustegiaren funtzionamendua zehazten duen ingurumen baimen bateratua (IBB).

Sare juridiko horren gainetik, eta, azken minutuan, Jaurlaritzak eta GHK-k industria jatorriko hondakinak Zubietan errausteko asmoa azaldu dute aste honetan.

Horren azpian kontu bat baino gehiago egon daitezke. Batetik, erraustegia nekez bete litekeela Gipuzkoako hiri hondakinekin bakarrik. 2019ko datuen arabera, 138.000 tona errefus bildu ziren Gipuzkoan. Horiek lehortu eta tratamendu mekaniko biologikoa egin ostean, 100.000 tona inguru geratzen dira errausteko. Kontua da Zubietako instalazioa urtean 200.000 tona jasotzeko eraiki zutela.

Beraz, labeak betetzea izan daiteke agintarien xedeetako bat, baina horrek izan dezake eragina plantaren izaeran. Izan ere, erraustegiari emandako balorizazio energetikoko plantaren izendapenak ezinbestez bete behar du gutxieneko eraginkortasun koefiziente bat: 0,65. Horretara iristeko, hiri hondakinak ez direnak gehitzeak (industria jatorriko plastikoak, gasa, edo dena delakoa) gutxitu egingo luke tasa hori, eta energia berreskuratzen duen errauste planta bihurtuko luke Zubietakoa. Hots, zabortegi baten pareko hierarkian legoke.

Halaber, erraustegiaren finantzaketan industria jatorriko hondakinak sartzeak ekartzen duen aldaketa ere esanguratsua da.

Zubietako instalazioen erabilera herrialdeko udal eta mankomunitateentzako da modu esklusiboan. Eta hala finantzatu behar dute haiek ere, erabilgarritasunagatik. Izan ere, hilero GHK-k Ekondakin enpresa kontzesionarioari 31 milioi euro ordaintzen dizkio kontzeptu horren baitan, planta erabili edo ez erabili. Gainerako bi milioiak sartzen dituen hondakinen araberakoak dira, hau da, erabileragatik. Modu horretan Urbaser buru duen Ekondakin enpresa taldeak ongi ziurtatua du inbertsioaren errentagarritasunaren itzulera tasa. Esan nahi baita, euren kapitalari ateratzen dioten etekina %10ekoa da, urtero. Horri gehitzen bazaio arlo pribatutik helduko zaizkion hondakin horien kudeaketak ekarriko dion aparteko etekina, Zubietako erraustegia negozio biribila bihur daiteke enpresarentzat. Beste kontu bat da ea zergatik mozkin horiek Ekondakinek jasoko dituen, eta ez GHK-k eta mankomunitateek. Edo zergatik ez zaien deskontatuko dirutza hori haiek hilero ordaintzen duten tarifa finkotik.

Arau horien guztien gainetik pasatu nahi duen norabide aldaketa hori ez dela esanguratsua aipatu du Jaurlaritzak, eta, beraz, berehala aldatuko dutela instalazioaren ingurumen baimena. Industria hondakinak errausteak ingurumenean eta pertsonen osasunean aparteko eraginik ez duela izango ebatzi du Jaurlaritzak horrela, aldez aurretik ebatzi ere. Enpresari onartu zaion IBBaren eraginkortasunak ez baitu aurreikusi ere egiten industria jatorriko hondakinak errausteko aukera.

Badago, gutxienez, ebidentzia bat: 100.000 tona edo 200.000 tona errausteak ez dauka eragin bera ingurumenean, ez sortuko diren CO2 isurketetan; ez metal astun, dioxina eta furanoen kutsaduran; ezta oso arriskutsuak diren errautsen sorreran ere. Eta beste kontu bat: hau dena egiteko, epaitegietatik neurriok zuzenduko dituen erabakirik ez zaiela etorriko ziurtasun handia izan behar dute Jaurlaritzak eta GHK-k.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.