Aldaketa politikoen urtea

Ehun hauteskunde inguru eta bi independentzia galdeketa egingo dituzte 2019an. Gertakari garrantzitsuen artean daude 'brexit'-a, U-1aren epaiketa eta Ekialde Hurbila

Erresuma Batua. Iazko ekainean, milaka pertsona kalera zatera ziren brexit-ari buruzko bigarren galdera eskatzeko. ANDY RAIN / EFE.
Ander Perez Zala, Mikel Rodriguez
2019ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Aldaketa politiko eta geopolitikoak izango dira protagonista 2019an. Ehun hauteskunde inguru egingo dituzte munduko hainbat herrialdetan, eta, horietako askotan, etxeko egoeran zein atzerrikoan eragin nabarmena izan dezaketen erabakiak hartuko dituzte herritarrek. Kontinente zaharrean, brexit-a, Europako Parlamenturako hauteskundeak eta Kataluniako prozesu subiranistaren aurkako epaiketa izango dira garrantzitsuetako batzuk. Ekialde Hurbilak ere ohiko garrantzia izango du: Siriako gerraren amaieran eta Yemengo gatazkan jarriko dute potentziek arreta gehien. Latinoamerikan, Brasilen eta Mexikon izandako aldaketa politikoetan lehen pausoak emango dituzte agintariek. Eta bi independentzia erreferendum izango dira aurten Ozeanian.

'BREXIT'-A

Ziurgabetasuna nagusi

Martxoaren 29ko gauean, Erresuma Batua EB Europako Batasunetik aterako da. Hori da, behintzat, adosturiko plana. Gaur-gaurkoz, ordea, ia ezinezkoa da ezer ziurtzat ematea: Komunen Ganberak onartuko ote duen Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak EBrekin adosturiko plana, martxo amaieran trantsizio epea hasiko ote den, brexit-aren eguna atzeratuko ote duten, May kargutik botako ote duten, bigarren erreferendumik egingo ote duten, brexit-a akordiorik gabe gauzatuko ote den, brexit-a geldituko ote duten edo hauteskunde orokorrik izango den. Adosturiko gidoiari jarraituta ere, Brusela eta Londres negoziazio mahai baten ingurura itzuliko lirateke berriz ere: oraingoan, etorkizuneko harremana adosteko. Eta hori izango litzateke prozesuaren parterik zailena.

Brexit-aren araberakoak izango dira, gainera, Eskozian eta Ipar Irlandan etorkizunera begira hartuko dituzten erabakiak. Batetik, Eskoziako lehen ministro Nicola Sturgeonek hainbatetan jakinarazi du brexit motaren eta etorkizuneko harremanaren menpe utzi duela bigarren independentzia erreferenduma. Bestetik, EBtik ateratzeak, eta EBtik ateratzeko moduak ozendu egin litzake Irlandako irlaren batasunari buruzko galdeketaren aldeko ahotsak.

HAUTESKUNDEAK

Berritxuratzeen urtea

Hauteskundez beteriko urtea izango da 2019a, eta batez ere EBk erreparatuko die arretaz kontinente zaharreko bozei. Maiatzaren 23tik 26ra egingo dituzte Europako Parlamenturako bozak, eta bi jarrera izango dira aurrez aurre: Emmanuel Macron Frantziako presidenteak irudikatzen duen europazaletasuna, eta Matteo Salvini Italiako presidenteordeak irudikatzen duen euroeszeptizismoa. Lehenak bataila propioa izango du etxean, agintaldiak ahulduta aurkeztuko baitu haren alderdia, Marine Le Pen eskuin muturrekoari aurre egiteko. Euroeszeptikoek, maiatzeko bozetan lorturiko emaitzak batuta, parlamentuko bigarren indarra izan nahi dute, eta ez dute baztertu EPP Europako Alderdi Popularrarekin ados jartzea; betiere, EBk herrialdeetan dituen eskumenak murrizteko.

Asteburu berean, udal eta erkidego bozak egingo dituzte Espainian, eta litekeena da Pedro Sanchez Espainiako presidenteak hauteskunde orokorrak aurreratzea, egun horretan edo beste igande batean egiteko; PSOEren indarra eta Vox eskuin muturrekoak duen babesa neurtzeko bozak izango dira, Espainiako Kongresuan lehenengoz sartzeko behar adina boto lor baititzake.

Europa ekialdean, Ukrainan presidentetzarako bozak egingo dituzte martxoaren 31n, eta hauteskunde orokorrak urriaren 27an. Errusiarekiko eta EBrekiko harremanek eta ekialdeko gatazkak baldintzatuko dituzte emaitzak; egungo presidente Petro Poroxenkok aukera gutxi lituzke irabazteko, eta kontuan hartzeko modukoa izango da Julia Timoxenkoren hautagaitza.

Beste hainbat boz interesgarri izango dira 2019an: Portugalen, hauteskunde orokorrak urriaren 10ean; Grezian ere, boz orokorrak urriaren 20an; eta, data finkatzeke duten Aljeriako presidentetzarako bozak eta Indiako boz orokorrak; biak ala biak, apirilean.

KATALUNIA

U-1aren epaiketa eta bozak

Hilaren amaieran edo otsailaren hasieran hasiko dute Kataluniako prozesu subiranistaren aurkako epaiketa. Espainiako Auzitegi Gorenak bitan banatu du kausa, eta Kataluniako Auzitegi Nagusiaren esku utzi ditu desobedientziagatik auzipeturiko seiak: Lluis Guino, Lluis Corominas, Anna Simo, Joan Josep Nuet eta Ramona Barrufet eta Mireia Boya.

Madrilen epaituko dituzte, beraz, Oriol Junqueras, Carme Forcadell, Jordi Sanchez, Jordi Cuixart, Raul Romeva, Joaquim Forn, Jordi Turull, Josep Rull, Dolors Bassa, Santi Vila, Carles Mundo eta Meritxell Borras. Horiei zazpi eta 25 urte arteko kartzela zigorra ezar diezaietela eskatzen du fiskaltzak, eta Bartzelonan epaituko dituztenei, isun ekonomikoak eta 16-20 hilabete arteko inhabilitazioak.

Hitzordu judizial horrez gain, independentismoak arreta jarria izango du maiatzaren 26ko udal eta erkidego hauteskundeetan: zerrenda bateratua aurkeztearen eztabaidak bizirik jarraitzen du oraindik, besteak beste, Bartzelona hiriburua eskuratzeko.

POTENTZIA NAGUSIAK

AEB-Txina-Errusia

Urte gatazkatsua izango duteAEBetako politikan, eta, batez ere, Donald Trump herrialdeko presidenteak izan dezake arazo gehien datozen hilabeteotan. Alderdi Demokratak gehiengo osoa berreskuratu du Ordezkarien Ganberan, eta horrek AEBetako presidentearen aurkako hainbat neurri hartzeko balioko dio, batez ere haren finantzekin zerikusia duten ikerketak bultzatzeko. Bitartean, Robert Mueller fiskal bereziak 2016ko hauteskundeen kanpainan Errusiak ustez izandako eragina ikertzen jarraituko du; horren araberakoa izango da Trumpen aurkako impeachment-a. Hala ere, liskarrak ez dira faltako.

Asian, Txinak urteurrenez beteriko urtea du aurretik. Txinako Herri Errepublikak 70 urte beteko ditu urrian, eta Alderdi Komunistarentzat zorioneko garaia izango da; beste urteurren batzuk, aldiz, ez dira Pekinen gustukoak izango, eta litekeena da gobernuaren aurkako protestak ugaritzea. Tiananmeneko plazako protestek 30 urte beteko dituzte ekainean, eta hurrengo hilabetean, uztailean, uigurrak gehiengo diren Urumqiko protestek —ipar-mendebaldean— hamar urte beteko dituzte.

Vladimir Putin Errusiako presindearentzat ere urte garrantzitsua izango da; batez ere, herritarren artean duen ospea neurtzeko. Pentsioen iazko erreforma kolpe gogorra izan zen, nahiz eta oraindik babes handia duen errusiarren artean.

EKIALDE HURBILA

Gerrak eta geopolitika

Ekialde Hurbilean iaz bezala hasi dute urtea, bi gerra ireki handiak nola garatuko diren argi jakin gabe. Aldaketak, ordea, izan dira, eta handiak. Sirian, esate baterako, AEBek tropak erretiratuko dituztela esan izanak baldintzatu du jokalekua, eta kolokan jarri du kurduen erakundeek eta aliatuek sortu zuten Ipar Siriako Federazio Demokratikoaren etorkizuna. AEBetako tropak martxoan dira alde egitekoak, baina egutegia ez da guztiz argia. Turkiak Siriako Kurdistan inbaditzeko mehatxua behin eta berriz egin duela eta, Mike Pompeo AEBetako Estatu idazkariak herenegun adierazi zuen Washingtonek irtenbideak bilatuko dituela «Turkiako armadak kurduak ez sarraskitzeko». Federazio autonomoa hasia da, ordea, bestelako bide diplomatikoak urratzen. Badran Jia Kurd ordezkariak atzo Reuters agentziari jakinarazi zion Errusiari proposamen bat helarazi diotela Siriako Gobernuarekin akordio bat egin eta Turkiaren inbasioa eragozteko. Kurduek esan zuten Moskuren erantzunaren zain daudela.

Yemenen, berriz, teorian su-eten batekin hasi dute urtea. Fronte nagusian ezarri zuten, Hudaida hirian, herrialdeko portu nagusian. Azken egunotan giroa gaiztotu egin da, ordea, menia urratzea egotzi baitiote elkarri gobernuak eta matxino xiitek. Gaur joatekoa da Martin Griffiths NBEren bitartekaria herrialdera. Menia hori egoki betetzeari berebiziko garrantzia eman dio NBEk, bi aldeak aurten gerraren irtenbidea negoziatzera jarrarazteko.

Bi gerra handi horietan, eta, oro har, Ekialde Hurbilean, garrantzi handia izango dute eremuko hiru potentzia militar nagusiek: Israelek, Saudi Arabiak eta Iranek. Israelen hauteskundeak dituzte apirilaren 9an. Aspaldian, eskuineko alderdiek dute hegemonia, eta, elkarren arteko lehian hasiak direla ikusita, litekeena da horrek ondoriotzat uztea datozen hilabeteotan palestinarren aurka are gogorrago jotzea, eta Siriako gerran erasoak handitzea.

LATINOAMERIKA

Bolsonaro protagonista

Latinoamerikan, urteko lehenengo egunen protagonista nagusia Jair Bolsonaro izan da, zalantzarik gabe. Politikari ultraeskuindarrak Urteberri egunean hartu zuen Brasilgo presidente kargua, eta argi erakutsi du zein ildori jarraituko dion: indigenen lurren gaineko erabakiak hartzeko boterea lurjabe handi bati eman dio, pentsioen pribatizatzea jorratzen hasiko direla jakinarazi du, apaiz ebanjeliko bati eman dio giza eskubideak zaintzeko ardura...

Baina Bolsonarok helburua ez du mugatu Brasil eraldatzera bakarrik, Latinoamerika osoan «komunismoaren eragina» deuseztatzeko asmoa agertu baitu. Berehalakoan egin du harremana AEBekin, eta, besteak beste, Pompeorekin Venezuelaz mintzatu da aste honetan. Han, Nicolas Maduro presidenteak agintaldi berria hastekoa du datorren ostegunean. AEBek, Brasilek eta Amerikako beste hamahiru herrialdek ez dituzte legitimotzat hartzen iazko hauteskundeak.

Bolsonarok duela hiru egun esan zuen Kolonbiarekin eta Argentinarekin egin nahi duela Latinoamerikako aliantza eskuindarra. Argentinan, ordea, udazkenean hauteskundeak dituzte, eta ikusteko dago Mauricio Macri presidentea gai izango ote den berriro irabazteko. Olatu eskuindar horren erdian, gobernu ezkertiar berrienak eta zaharrenak erronka handiak dituzte aurretik: Mexikon, Andres Manuel Lopez Obrador presidenteak hilabete egin du boterean; Kuban, berriz, AEBen blokeoa amaitzeko itxaropena bi urtez ez atzera eta ez aurrera gelditu ondoren, konstituzioaren erreforman jarria dute berehalako jomuga —otsailaren 24an da erreferenduma—.

AUTODETERMINAZIOA

Beste estatu bat bidean

Pronostikoek huts egiten ez badute, 2019an estatu independente bat sortzeko prozesua hasiko da. Papua Ginea Berriko Bougainville uhartean ekainaren 15ean dute erreferenduma, eta independentistak dira faborito. Ozeanian bertan, Mikronesiako Chuuk artxipelagoan martxoaren 5erako jarria dute independentziaz erabakitzeko data, baina galdeketa kolokan dago oraindik, gobernu federaleko eta gobernu zentraleko agintarien desadostasunak direla eta.

Iaz ere Ozeanian izan zen autodeterminazio erreferendum bakarra, Kaledonia Berrian. Unionistek irabazi zuten, baina Frantziarekin eginiko akordioak 2022ra arte beste bi egiteko aukera biltzen du. Maiatzean hauteskundeak dituzte, eta independentistek gehiengo zabal bat lortu nahi dute beste erreferendum bat bultzatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.