Albistea entzun

Ikerlariak, euskarak batuak

Martxan da Ikergazte kongresua. Euskarazko ikertzaile gazteen topalekua izango da Baiona bihar arte. Hainbat esparrutako ehun ikerketa baino gehiago aurkeztuko dituzte kongresuan. Ikertzaile euskaldunen komunitatea osatzearen garrantzia goraipatu du UEUk. Hark antolatzen du Ikergazte.

Ekhi Erremundegi Beloki -

2019ko maiatzak 28 - Baiona

Ikerlari euskaldunen topalekua da Baiona atzoz geroztik. UEU Udako Euskal Unibertsitateak antolatuta, martxan da Ikergazte kongresua. Hainbat esparrutan ari diren ikertzaile andana bildu dira aurtengo kongresuan ere —hirugarrena da—. 180 aditu eta ikertzaile euskaldun elkartuko dira Ikergazteko aurkezpen, hitzaldi eta tailerretan. Bihar amaituko dute.

Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateko Errobi campusean ari dira egiten aurtengo kongresua. Ekitaldi ofizialarekin hasi zuten atzo goizean. Philippe Zavoli Baionako fakultateko dekanoa «biziki pozik» agertu zen Ikergazteren gisako «ekitaldi garrantzitsu bat» Baionako unibertsitatean egitearekin. «Biziki anitz zarete, gazte anitz; erakusten duzue euskarazko ikerketa dinamikoa dela». Baionako topaketa «aberatsa eta emankorra» izateko esperantza agertu zuen dekanoak. «Non eginen da euskarazko ikerketa, Baionak harrera egiten ez badio?».

Iker zentroarekin elkarlanean antolatu dute aurtengo Ikergazte kongresua. Urtzi Etxeberria zuzendariak ere «poza» agertu zuen gela betea ikusita. «Ikertzaile gazte eta euskaldunak batu izana» azpimarratu zuen, eta ziur azaldu zen «goi mailako ikerketa» erakutsiko zutela. Horrekin lotuta, goraipatu zuen Ikergazte Ipar Euskal Herrian egiteak garrantzia duela bertako unibertsitatearentzat eta instituzioentzat.

Erakunde horien izenean mintzatu zen Beñat Arrabit EEP Euskararen Erakunde Publikoko lehendakaria. Garatzen ari diren hizkuntza politikako proiektua eta hiztun osoak sortzeko ezarria duten helburua nabarmendu zituen. Haren hitzetan, gazteak dituzte jomugan, eta horregatik «estrategikotzat» jo zuen Ikergazteren proiektua.

UEUk antolatzen du kongresua, eta hasieratik izan duten helburua nabarmendu zuen Kepa Sarasola zuzendariak: komunitate zientifiko intelektual bat osatzea, «euskaraz eta Euskal Herrian». Kongresuaren hirugarren aldia Ipar Euskal Herrian egitea «erronka» dela ohartarazi zuen, eta hasi aitzin «arrakasta» gisa aurkeztu zuen. Bide beretik jo zuen Miren Josu Ormaetxebarria Ikergazteko koordinatzaileak ere. «Hamaika artikulu eskuratu ditugu aurtengo Ikergazterako. Horrek erakusten du euskarazko ikerketa bizirik dagoela. Ehun lan aurkeztuko dira, eta kalitatea oso ona da; batzorde teknikoak lan handia izan du hautaketa egiten».

Ekitaldi ofizialaren ondoren, abian jarri zuten kongresua bera. Gaur eta bihar ere izango dituzte saioak: ehun ikerketa lan aurkezteaz gain, tailerrak, mahai inguruak, aurkezpenak eta bisitak izango dituzte parte hartzaileek.

Ikerlarien arteko harremana

Hainbat esparrutan ari diren ikerlariak bildu ditu Ikergaztek, eta batze horri eman zion garrantzia Ane Sarasua UEUko idazkari nagusiak: «Ikergazte komunitate hori badago, baina barreiatua, eta plaza bat behar du biltzeko. Hori eskaini nahi dugu». Ikerlarien artean sortzen den harreman hori goraipatu zuen Sarasolak ere: «Orain hasten da saltsa. Diziplinartekotasun horretatik datoz kontaktuak, eta hortik datoz ideiak». Izan ere, norbere lanak aurkeztearekin batera, beste ikerlari batzuek egindako lanak ezagutzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Sarasua:«Izen emateak ezartzen ditugu, helburua baita bertan geldi daitezen. Hor sortzen dira harreman asko. Barnetegi kutsu hori sustatzea nahita egiten dugu, diziplina arteko proiektuak sor daitezen».

Etorkizunean kokatu zituen ikerlariak Sarasolak: «Kontuan hartu hauek direla hemendik 10-20 urteren buruan Euskal Herriko etorkizuna eramango dutenak. Haien artean harreman onak baldin badaude, inbertsio biziki handia da. Orain dela 5-10 urte hori ez zen egiten». Euskal Herrian inoiz baino doktore gehiago dagoela azpimarratu zuen, jende «erabat» prestatua. «Horiekin euskararen inguruan komunitatea egitea oso-oso inportantea da. Hori da gure apustua, eta martxan dago».

Ugaitz Agirre, historian doktoregaia: «Bakoitzak zer eskaintzen duen eta zer har dezakegun ikusi nahi dut»

Ainitze Labaka, erizaina eta psikobiologian doktorea: «Erakutsi behar dugu gugan inbertitzeak halako etekin bat duela»

Amaiur Esnaola animalien ekologian doktoregaia: «Jende asko dago tesia bekarik gabe egiten ari dena, langabezian egonda»

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ikasleak euskararen aurkako erasoak salatzen, atzo, Donostian. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Hezkuntza propioa eta euskalduna aldarrikatu dute kalean

Irati Urdalleta Lete

Gazte Euskaltzaleen Sareak, EHUko eta NUPeko euskara taldeek eta Ikamak deituta, manifestazioak egin dituzte Hegoaldeko lau hiriburuetan
EHUko Ekonomia ikasleak, Bilboko Sarrikoko fakultatean. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Ikasleek esan dute EHU dela Sarrikok hartutako erabakiaren erantzulea

Olatz Silva Rodrigo

Ekonomiako euskarazko ikasleei esan diete Gastu Publikoa ikasgaia gazteleraz egin beharko dutela. Hizkuntza urraketatzat jo dute
Euskarazko ikasketak aldarrikatzeko afixa bat, NUPen. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Osasun Legearen erreforma aurrera atera du Txibitek, eztabaida itxi gabe

Ion Orzaiz

Aldeko 49 boto jaso ditu legeak, eta abstentzio bakarra: Ezkerrarena. SMN, LAB eta UGT sindikatuekin adostutako neurriak jasotzen ditu arauak. Auziari «azken unean» heldu izana egotzi diote gobernuari

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.