Albistea entzun

Borrokalari ohiak justizia eske

Hemezortzi militar argentinar deklaratzekoak ziren Malvinetako gerran haien agindupeko soldaduen aurka gizateriaren aurkako krimenak egitea egotzita, baina epaile batek eten egin ditu deklarazioak.
Erresuma Batuak preso hartutako Argentinako soldaduak Malvinetan, 1982ko ekainean, etxera itzularazi behar zituzten unean.
Erresuma Batuak preso hartutako Argentinako soldaduak Malvinetan, 1982ko ekainean, etxera itzularazi behar zituzten unean. IMPERIAL WAR MUSEUM / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Cecilia Valdez -

2019ko ekainak 15 - Buenos Aires

Malvinetako gerra bukatu zela 37 urte bete ziren atzo. Gatazka horri lotuta, duela hamabi auzi bat hasi zuten urte Argentinan gizateriaren kontrako delituengatik, baina borrokalari ohien justizia eskaerak oraindik ez du erantzunik jaso. Hemezortzi militar argentinar deituta zituzten deklaratzera ikerketazko deklaraziora, eta hil honetan eta hurrengoan ziren Rio Grandeko epaitegi batean agertzekoak. Neurri hori historikotzat jo zuten biktimek eta haien senideek, baina duela gutxi bertan behera gelditu ziren zitazioak. Indar armatuetako kide horiek giza eskubideen urraketa larriak egin izanaz akusatuta daude: besteak beste, Erresuma Batuaren aurka borrokara eraman zituzten gazteei torturak egitea, hala nola gorputz adarrak lau hesolari lotzea, ur izoztutan murgilaraztea, leporaino lurperatzea, kanpainako telefonoekin deskarga elektrikoak ematea, kolpeak ematea, sexu indarkeria baliatzea; halakoak eta beste hainbat tortura fisiko zein psikologiko jasanarazi zizkieten beren nagusiek borrokalari ohiei. Mariela Borruto Rio Grandeko lehen instantziako epaile federalak, ordea, kausa atzeratzea erabaki du, epaitegian lanerako «jendea falta» dutelako.

1982ko apirilean, derrigorrezko soldaduska amaitzeko baimena jasotzear zeudela, Ernesto Alonso eta La Platako 7. Erregimentuko haren kideak uharteetara bidali zituzten. Ordura arte, indar armatu haiek —herrialdea 1976az geroztik gobernatzen zuen Junta Zibiko Militarreko kideak izaki— barne arerioaren kontrako borrokan bilduak zituzten energiak eta formakuntza; alegia, subertsio deiturikoaren kontra, eta Txilerekiko gatazkan, Beagle kanala zela tarteko.

Abisurik gabe gerrara

«Malvinetakoa gertatu baino hiru egun lehenago, manifestazio bat izan zen ogiaren, bakearen eta lanaren alde, eta gu kuartelean bildu gintuzten edozein zapalkuntza posibletarako prestatze aldera. Gerra deklarazioak ustekabean harrapatu gintuen den-denok. Eta hala joan ginen, prestakuntzarik batere gabe». Alonso apirilaren 15ean iritsi zen uharteetara, hartarako inolako jakinarazpenik jaso ere gabe. «Esan ziguten Hegoaldera gindoazela, batetik, unitate militar batzuk ordezkatzera —goi mendietako klima baldintzetara ohituta zeudenak—, eta, bestetik, atzeragoardiara, Txileko gatazka zela eta. Rio Gallegosera iritsi berritan, esan ziguten Malvinetara gurutzatu behar genuela. Imajinatu, harri eta zur geratu nintzen, artean 19 urteko mutil gaztea ni, hegoaldea sekula bisitatu gabea, eta hegazkin batera ere igo gabea. Tamainarik hartu ezinda genbiltzan, baina, hara iritsitakoan, eta egunek aurrera egin ahala, egoeraren larriaz jabetzen hasi ginen. Maiatzaren 1ean, lehen bonbardaketarekin, berehala konturatu ginen hura gerra bat zela».

Alonso ekainaren 14ra arte egon zen uharteetan, orduan errenditu baitzen Argentina. «Handik bizpahiru egunetara, itzultzen hasi ginen. Canberra itsasontzian sartu gintuzten, gerrako presoen moduan, eta Madryn kairaino eraman [Argentina hegoaldera]». Hurrengo, Buenos Airesen egin zuten lehenbiziko geraldia, El Palomarren; pentsatu zuten berehala bidaliko zituztela La Platara. Engranaje militarrak, baina, aberriarekiko beste konpromiso bat gordea zien artean. «Campo de Mayora eraman gintuzten, hantxe baitzeuden CARIak [Arreta eta Suspertze Integralerako Zentroak], Informazio Zerbitzu Militarraren esku hartze zuzenarekin. Eta hor hasi zen isiltasunaren inposizioaren kontu guztia. Egun gehiagotan eduki nahi gintuzten han, baina halako garaieran ez ginen gai haien aginduak betetzeko. Baldintza negargarrietan geunden, eta, egoerarik okerrenean ere bizirik irautea lortu genuenez, bost axola zitzaigun dena».

Isiltasun politika

Baina orduan hasi ziren jendea kikilarazten, eta haien ikuspuntua inposatzen. Diskurtsoa zen, hain zuzen, ezin zela hartaz hitz egin, ez ezer kontatu, eta Malvinetan gertatu zena Malvinetan geratzen zela: «Orduan, harrera aktak sinarazi zizkiguten, informazio pertsonalez beteak: zein izan genuen buru, non ibili ginen, zer ikusi genuen, eta abar. Bazegoen ohartarazpenen atal bat ere, non zenbait kidek, ezinago ausarki, jasan izan zituzten tortura egintzak salatu baitzituzten». Formularioak beterik eta isiltasun konpromisoa sinaturik, agiri haiek militarren esku geratu ziren, harik eta 2015ean Cristina Fernandez orduan presidente zenak desklasifikatzeko agindu zuen arte.

Alonso Cecim elkarteko kide da [Soldaduska Militarra Malvinetan egin zuten Soldadu Ohien Zentroen Koordinakunde Nazionala]; elkartea La Plata hirian sortu zen, 1980ko hamarkadan. «Isiltasunaren inposizio haren urratzaileak izan ginen. Gure bidea izan zen egia berregitea eta gerraoste berehalako hartako problematika lantzea. Baina bidea hilez josita geratu zen; Malvinetako gerraren osteko urteetan bezainbeste hildako ditugu ia». Kalkuluen arabera, 600 borrokalari ohi hil ziren gerran, eta, hura amaitu ostean, beste horrenbeste hil ziren, beren buruaz beste eginda.

Heroiak eta genozidak

Baina Malvinen auzian sartzen zen kontinentera itzuli eta gero harekin egin zen guztia. «Gobernuz gobernuz ikertu behar dira Malvinak», dio Alonsok. 1980ko urteetan, Junta Militarren aurkako epaia izan zen, baina Malvinen auzia ez zen ukitu ere egin. «Zenbait lege lortu genituen, eta, Alfonsinen agintaldiaren amaieran, pentsioak erreklamatzen hasi ginen. Gerraoste bati zegozkion auziez arduratzeko prestatu gabe zegoen estatu bat zen hura». 1990eko urteetan, Carlos Menemek itun bat egin zuen aurpegi pintatuekin —1980ko hamarkadan gobernuaren kontra matxinatu ziren militarrekin—, eta gerrako beterano izendapena agertu zen. «Orduan, denak sartu gintuzten zaku berean: uharteetara joan ginen denok, baita genozidak ere; den-denok ginen gerrako beteranoak».

Jeronimo Guerrero Iraola Cecim elkartearen abokatuaren ustez, «Malvinetako balentria» zeritzotenaren bidez, «aurpegia garbitu» nahi izan zuten indar armatuetakoek. «Baina horrek gauza bakarra erakutsi zuen: indar armatuak ez zirela batere iaioak kanpo defentsan. Gerra garaian, Ameriketako Eskolan trebatuak izan ziren, eta segurtasun nazionalaren doktrinapean, alegia, barne areriotzat zeukaten hura deuseztatzeko borrokan».

Kausak edo megakausak —tamainaren arabera ikertuz gero— handitu egin zuen babes esparrua urteek aurrera egin ahala. Besteak beste, Buenos Airesko Probintziako Giza Eskubideen Idazkaritzak, Memoriaren Aldeko Batzorde Probintzialak, Chaco Probintziako Giza Eskubideen Idazkaritzak eta Gizateriaren Kontrako Krimenen Prokuradoretzak babesten eta aldezten dute justizia eskaera hori. «Kausa bizirik dago La Platako Cecim elkarteari eskerrak», dio Guerrero Iraolak. «2011n, hilzorian zirudien, Zigor Kasazioko Auzitegiaren epaitzak hiltzeko zauriak eragin baitzizkion; baina aktibismoaren bidez eta aurkeztuz joan ginen erreklamazio judizialen bitartez, bizirik iraunarazi genuen».

Guerrero Iraolaren iritziz, gizateriaren kontrako krimenak dira, zeinetan estatuak modu aktiboan esku hartu baitu; «lehenik, orokortasunarengatik; gaur egun, 125 kasu ari dira ikertzen, 120 salatzaile daude, eta 95 militar daude salatuta». Bestalde, artxiboak desklasifikatu izanak sistematikotasuna dakar. «Krimenak estatu agenteek eginak izateak dakarkio estatuari lehenengo erantzukizuna». 2015ean artxiboak desklasifikatu izanak ahalbidetu zuen proba are gehiago hedatzea, eta «agerian utzi zuen nola estatuak gerraostean dispositibo bat eratu zuen, ekintza psikologikoa eta informazio eta kontrainformazio zerbitzu bat baliatuz, jendea isilarazteko eta zigorgabetasuna bermatzeko». Cecimeko abokatuak zaldu duenez, akordio bat sinatu zuten, zeinaren bidez soldaduek hitzeman baitzuten ez zutela gai hartaz hitz egingo. «Agiria Cristino Nicolaidesek sinatua da, ordu hartan armadako komandanteburu zenak, eta horrek berak erakusten du egintza horiek tramitatzeko sistema bat ere bideratu zutela, salaketek hartzen zuten larritasunaren edo garrantziaren arabera».

Gaur egun, IACHR Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarraren aurreko eskaera baten zain dago kereila. «Eskatzen ari gara deklaratzeko, hain zuzen, estatuak duen erantzukizuna justizia erdiesteko eskubideak urratzeagatik», zehaztu du Guerrero Iraolak. «Hizpide dugun estatu horrek, izan ere, lehenbizi jendea torturatu zuen, gero zigorgabetasuna bermatuko zioten mekanismoak eratu zituen, eta, hurrengo, justiziak horren berri jakin zuenean, ikerketarako tramitea ezin gehiago mantsotu zuen».

IACHR-ren deklarazioaren bidez, hertsiki giza eskubideei dagokien mailan sartu ahalko lukete problematika hori. «Oso garrantzitsua izango litzateke nazioarteko halako erakunde batek —batzordeak duen ospea izanik— txosten bat egitea esateko estatuak oinarrizko eskubideak urratu zituela. Guk diogu, probaren ondorioz lortutako kantitatea eta edukia eskuetan, badagoela nahikoa elementu torturatzaile horiek zigortzeko. Orain, justiziari diogun errespetu erabatekoaz, epaiketa batean demostratu nahi dugu hori dena».

Kausa horretan, ikergai dira soldaduen erailketak, baina baita goseak edota izozteak eragindako heriotzak ere. Honakoa ondorioztatu du Alonso borrokalari ohiak: «Ezin da izan heroi eta zapaltzaile. Guretzat, ikerketazko deklaraziorako egun bat izendatua egotea bera mugarri bat zen memoria, egia eta justizia prozesu honetan. Prozesu judizialak biktimek jasan behar izan zituzten egintzak erreparatu behar ditu. Berriro diot, ezin dira bereizi Malvinak diktadura militarraren testuingurutik. Guk diogu diktadura militarreko erabaki baten atzeneko biktima kolektiboak garela. Eta bi frontetan borrokatu behar izan genuela: ingelesen frontean eta militarrenean».

Egia berridatzi

Bai Alonsoren, bai Guerrero Iraolaren iritziz, kontua da historia bera eta Malvinetan gertaturiko egintzen inguruko egia berridaztea. «Historiako gidaliburuetako diskurtsoaren arabera, Argentinan 1982ko apirilaren 1eko gauerdira arte egon ziren genozidak [gerra deklaratu bezperara arte], eta heroiak egon ziren, berriz, apirilaren 2ko 00:00etatik aurrera», azaldu du Guerrero Iraolak. «Justiziak egiaren diskurtso bat eratzen du, ahal izugarrizkoa, baina egia beti da borrokaleku bat. Esparru horretan, Malvinetan gertatu zena berrikusi, ikertu eta epaitu ahal izatea sastakada bat da indar armatuek eman nahi izan ziotena zentzuaren muinari. Proba horien arabera, honako honek izan beharko luke kontakizunak: Malvinetan gertatua diktadura zibiko militarraren beste atal bat baino ez zela izan. Malvinetara joan ziren guztiak ez ziren heroiak izan. Batetik, soldaduska egitera joandako soldaduak zeuden, ekintza heroikoak egin zituztenak; eta, bestetik, genozidak eta torturatzaileak».

Borruto epaileak kausa atzeratuko zuela jakinarazi ondoren, kereilaren bultzatzaileak Rio Grandera joan ziren, harekin elkartzeko. Guerrero Iraola ordezkaritza hartan zegoen. «Esan genion haren eskuetan dagoela biktimen ongizate fisikoa eta psikikoa, eta kereilaren eta frogarako material guztien balioa. Estatuak ez du erantzunik ematen, eta uste dugu biktimak trukerako txanpon gisa erabiltzen dituela. Horregatik, uste dugu estatuak ez duela aitzakiarik egia, justizia eta erreparazioa lortzeko kausa hau alde batera uzteko».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Errusiako bandera, Errusiako Behe Ganbera eraikinaren gainean, Moskun. ©YURI KOCHETKOV / EFE

Errusiako Behe Ganberak berretsi egin ditu Ukrainan okupatutako lurrak anexionatzeko itunak

Mikel O. Iribar

Kremlinek onartu du ez duela argi zein diren anexionatutako lurren mugak. Errusiera izango da hizkuntza ofiziala, eta errubloa dibisa nazionala, 2023tik aurrera. Zelenskik esan du Ukrainako armadak eremu gehiago «askatu» dituela herrialdearen ekialdean eta hegoaldean.

Lula, goizaldean, bere jarraitzaileen aurrean hitz egiten ©EFE

Lulak aurreikusi baino alde txikiagoa atera dio Bolsonarori lehen itzulian

Igor Susaeta

PT Langileen Alderdiko buruak botoen %48,4 lortu ditu, eta behin-behineko presidente ultrak, %43,2. Biak bigarren itzulian lehiatuko dira urriaren 30ean

Jordi Turull JxCko idazkari nagusia, gaur egin duen prentsaurrekoan. ©EFE

Turull: «Egoera konpontzea izan dugu helburu, baina ERCk esan digu ez dagoela ezer hitz egiteko»

Mikel Elkoroberezibar Beloki

ERC eta JxC ados jarri ez direnez, JxCko militanteen esku dago Generalitatearen etorkizuna. 'JxCk Kataluniako Gobernuan jarrai dezan nahi duzu?', galdetuko die buruzagitzak ostegunean eta ostiralean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...