Lynn Boylan. Irlandaren Etorkizunari Buruzko Batzordeko presidenteordea

«Jende guztiari galdetu nahi diogu zer iritzi duen Irlandaren etorkizunaz»

Irlandaren Etorkizunari Buruzko Batzordeak hura inauguratzeko batzarra egingo du gaur, Belfasten. Zera egin nahi dute: «Herrialde proiektu bat sortu, 'ex novo'. Irlanda batua sortu, iraganeko gure iraultzaileen aspirazioak egia bihur daitezen».

BERRIA.
Dublin
2022ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Uztailean, Sinn Feinek Irlandaren Etorkizunari Buruzko Batzordea abiatu zuen, eta baieztatu zuen Belfasten egingo dela hura inauguratzeko herri batzarra, gaur. Batzordeak asmo handiko galdeketa publiko, sektorial eta anonimo bat egingo du Irlandaren etorkizunaren inguruan; urte eta erdi iraungo du, eta, bukatzeko, gai horren inguruko txosten bat argitaratuko du.

Lynn Boylan senataria da, eta batzordeko presidenteordea. Boylan Dublinen jaio zen, eta Komunikazioko, Klimaren eta Ingurumenaren Ekintzarako, Babes Sozialerako eta Lan Arazoetako bozeramailea da. Europarlamentaria izan zen 2014tik 2019ra, eta Ura Izateko Eskubidearen Txosteneko negoziazioen buru izan zen Bruselan. Boylanek Dublingo parlamentuan duen bulegoan egin du elkarrizketa, eta batzordeak nola lan egingo duen azaldu du: «Hunkigarria izango da, 32 konderrien luze-zabalean ibiliko baikara entzuten zer ideia dituzten herritarrek gure uhartearen etorkizunaren gainean».

Zein izan da abiapuntua Irlandaren Etorkizunari Buruzko Batzordea sortzeko?

Esango nuke batez ere brexit-ak eta haren inguruan geneukan jarrera argiak bultzatu gintuztela batzordea sortzeko erabakia hartzera. Oso-oso kaltegarria litzateke Ipar Irlanda Europako Batasunetik kanpo geratzea. Nire ustez, ordutik agerian geratu da baibrexit-aren kanpainak eta bai haren emaitzek debatearen erdi-erdian jarri dutela Irlanda batuari buruzko eztabaida.

Irlandako Gobernuak eta Erresuma Batukoak horretaz hitz egiteko asmoa izan ala ez, kontua da beste guztiak hizketan ari direla. Beraz, guk eztabaida horri egiten diogun ekarpena da batzordea, nolabait. Eta, Bake Batzordearekin egin genuen bezala, gizarteko sektore guztietara iritsi nahi dugu, eta jende guztiari eskatu esan diezagula zer iritzi duen Irlandaren etorkizunaz: Irlanda baturik egotea nahi duten edo ez.

Guretzat, garrantzitsuena zera da, ez dugula nahi Ipar Irlandako sei konderriak anexionatuta ere denak berdin segitzea, Hego Irlandako 26 konderriekin elkartuta egon arren. Guk zera nahi dugu: herrialde proiektu bat sortu, ex novo. Irlanda batua sortu, iraganeko gure iraultzaileen aspirazioak egia bihur daitezen. Uste dut hori dela hunkigarriena, besteei eta geure buruari hau galdetzea: nolako Irlanda gustatuko litzaizuke egia bihurtzea?

Eta hunkigarria da, zeren, adibidez, komunikabide askok ikaragarri gustuko baitute banderetan, ikurretan eta ereserki nazionaletan zentratzea. Baina, egiatan, jendea ez da gauza horietan pentsatzen ari.

Zertan ari dira pentsatzen?

Esan nahi dudana da nazionalistak direnak ere pentsatzen ari direla nola berritu NHS [Osasun Zerbitzu Nazionala], nola eduki etxe bat arrazoizko prezioan, nola lortu lan duin bat. Hego Irlandako jendea kezkatuta dago ba ote dugun diru nahikorik Irlanda batua sortzeko, bistakoa baita alarmismo handia dagoela proiektu horren kostua dela eta ez dela.

Horregatik, oso interesgarria izango da enpresek eta enpresariek zer dioten entzutea; izan ere, ikusita dago brexit-a indarrean dagoenetik Ipar Irlandakoa eta Londreskoa direla Britainia Handian hazten ari diren ekonomia bakarrak. Hori da gure ideia: herrialdearen luze-zabalean ibiltzea, ez laukitxoak betetzen aritzeko, baizik eta jendeak benetan parte har dezan prozesuan, eta bere ideien, proposamenen eta zalantzen berri eman dezan, gero ideia horiek jendaurrean egituratu ahal izateko.

Orduan, negua bizi-bizia izango da?

Oso bizia. Webgune bat jarri dugu martxan jendeak proposamenak eta ideiak bidal ditzan, baina asko interesatzen zaigu haiek ekitaldi publikoetara joatea. Lehenengoa Belfasten izango da, urrian. Baina gutxienez sei egingo ditugu Gaeltachteko eskualdeetan [gaelikoz hitz egiten da gehienbat], eta hori hunkigarria da benetan, eskualde horiei egiten baitzaie kasu gutxien.

Gainera, hain zuzen Iparraldean ugaritu dira azkarren irlandera hiztunak. Dublinen ere egingo da topaketa bat, eta beste bat ere izango da, bereziki emakumeengan zentratua.

Hasieran esan duzu arazo batzuek Irlanda osoko herritarrak kezkatzen dituztela.

Bai. Bizitzaren kostua arazo larria da bai Iparraldean eta bai Hegoaldean, inflazioa dela eta. Baina klima aldaketaz ere oso kezkatuta daude, hori ere muga guztien gainetik baitago. Lan duin bat lortzea ere bada kezka iturri, eta etxebizitzaren auzia krisi larria da Irlanda hegoaldean.

Arazo horiek guztiak garrantzitsuak dira Irlanda batuari buruzko eztabaidan ere. Gerry Adamsek eskatu zidanean batzordeko presidenteordea izateko, esan zidan oinarrizko ideia zera zela, prozesua inklusiboa izatea. Guztiengana iritsi eta ahots guztiak entzun behar ditugu, baita agian gustuko ez ditugunak ere.

Gazteek zer garrantzi izan behar dute?

Ezinbestekoa da gazteak kontuan hartzea. Fenomeno interesgarri bat gertatzen da: inkesta batzuetan, belaunaldirik gazteenaren parte batek iparrirlandartzat jotzen du bere burua; ez irlandartzat eta ez britainiartzat. Belaunaldi hori bake prozesu betean hazi da, baina uste dut brexit-ak esnarazi egin dituela gazte asko; izan ere, mugitzeko eta bidaiatzeko askatasun handia zegoen Europa batean bizi izan dira orain arte, eta orain ikusten ari dira nola Ipar Irlanda halako linbo batean geratu den, politika kontserbadoreek —abortuaren ingurukoek besteak beste— markatutako linbo batean.

Hegoaldera begiratzen dute, erreferendum bat izan baitugu, eta bide egokian ibili baikara, Eliza katolikoaren loturak hautsita. Beraz, gazte askok hau galdetzen diote beren buruari: estatu txiki honetakoak izan nahi dugu, kontuan hartuta politikari izugarri kontserbadoreak dituela eta gu geldiarazten ari direla? Gai horiei buruzko eztabaida interesgarri asko daude iparraldean.

Hizkuntzaren auzia ere bestelakoa da orain: gazte horiek guztiak iparraldean hazi dira, irlanderaz egiten zen eskoletan ikasi dute, irlanderaz hitz egiten dute, eta, azken batean, ez datoz bat brexit-aren bidez inposatu nahi den statu quo-arekin.

Beste erronka bat dago: nola eutsi Sinn Feinek azkenaldian bozetan duen babes gero eta zabalagoari, bozetarako oraindik bi urte falta diren honetan.

Beldurgarria al da? Ez! Hunkigarria da, baina arrazoi duzu: nola eutsiko diogu tentsio honi hauteskundeak iritsi arte? Nik uste dut jendeak ez duela ahaztu zer gertatu zen 2020ko hauteskundeetan [Sinn Feinek botoen %24,5 lortu zituen, aurreko bozetan baino %10,7 gehiago]. Gu ere orduan ez ginen jabetzen zer gertatuko zen. Are, hautagai nahikorik ere ez genuen aurkeztu. Erreta geunden oraindik, 2019ko udal hauteskundeetan eta Europakoetan izandako emaitza txarrak zirela kausa. Nik neuk galdu berria nuen Bruselako aulkia.

Denak ikaragarri kezkatuta geunden 2020ko otsaileko hauteskundeak zirela eta. Emaitzak izugarri onak izan ziren. Eta ez genuen aulki gehiago lortu ez genuelako hautagai gehiagorik! Emaitzak shock erabatekoa izan ziren herrialde osoarentzat. Segituan joan ginen toki guztietara hautesleen bila, eta biltzar jendetsuak egin genituen. Eta geroCOVIDa iritsi zen, eta itxialdia.

Hain zuzen, pandemiak eten egin zuen sortzen ari zen lotura nabarmen hori, jendearen eta gure artekoa. Edonola ere, inkestek diotenez, lotura hori hor dago oraindik: badirudi COVIDak dena geldiarazi zuela eta orain, pandemia amaituta, gelditu ginen toki horretatik bertatik hasi behar dugula berriz.

Jendeak ez du ahaztu 2020an Fianna Fail eta Fine Gael batu egin zirela mende batez gerran aritu ostean, biak ere beldur baitziren Sinn Fein ez ote zen helduko gobernura. Horrek ez du esan nahi ziurtzat jotzen dugunik 2024an emaitza onak biltzea. Lanean ari gara egunero jendearekin biltzeko, eta, jakina, kontuan hartu dugu hautesleen esana: oraingoan hautagai gehiago aurkezteko eskatu diote Mary Lou McDonald presidenteari.

Europarlamentaria izan zaren aldian, Irlandaren neutraltasunaren alde egin duzu. Orain, Ukrainan gerra dagoen honetan, batzuk presio egiten ari dira Irlanda NATOn sar dadin. Zer egiten ari da Europa gerra honetan? Eta, etorkizunera begira, Irlanda batuak lortuko al du NATOtik kanpo egotea?

Zoritxarrez, [EB] Europako Batasuna beti egiten duena egiten ari da orain ere: aukera aprobetxatu, krisia eta gerra baliatu, bere agenda bultzatzeko. Eta, oraingo honetan, agenda oso militarista da. Estatu bakoitzak erabaki behar du NATOren parte izan nahi duen edo ez, noski, baina kezkagarria da ikustea orain zenbait herrialde sartu direla NATOn. Gerrako lehen asteetan batez ere, urdinez eta horiz jantzita ez zihoan edonori leporatzen zioten Putinen aldekoa izatea, baita hemen ere.

Oraindik ere askok nahi dute Irlandak neutral izateari uztea. Esaten digute NATOtik kanpo egotea zaharkitua dagoela, eztabaidari ekin behar diogula, «helduen» moduan. Esaten digute elkarrizketa «heldu» bat izan behar dugula, baina benetan interesgarria da ikustea nola irlandarrak, inkestei erantzuten dietenean, harro dauden beren estatusaz. Harro aurrerantzean ere neutral izateaz.

Alegia: Irlandaren gisako herrialde txiki batentzat zentzugabea da planteatzea, esaterako, ea armak erosi behar dituen Errusiaren moduko superpotentzia bati aurre egiteko. Beraz, guri neutralak izatea dagokigu, hori baita gure indargunea, eta, horregatik, bitartekari zintzoak izan gaitezke bake prozesu baterako. Erokeria hutsa litzateke hori pikutara bidaltzea. Politikariak eta hedabide kontserbadoreak baino azkarragoa da jendea: harro dago neutral izateaz, eta halaxe segitu nahi du.

Gure kezka nagusia da Irlandako Gobernua beste bide batean doala orain, eta oraindik ere esaten duela erabaki «heldu» bat hartu behar genukeela neutraltasunaren inguruan. Sinn Feinek, gobernuan badago, bestela egingo ditu gauzak: gure neutraltasuna defendatuko dugu, hori nahi baitu jendeak, eta betoa jarriko diogu EBren militarizazioari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.