Nagore Odriozola Juaristi.
Tokio 2020. TOKION TOKIKOA

Eta orain, zer?

2021eko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Sekulako txalo zaparrada jaso zuen aurrekoan Luis Scola saskibaloiko argentinarrak, 50 segundoren faltan eta kanporaketa dagoeneko galdua zutela, aulkian eseri zutenean. Oraindik gogoan dut Baskonian aritu zeneko urrezko garaia eta badirudi (agerian utzi baitute egunotan) Gasteizen ere ez dutela sekula ahaztuko gizon hau. Benetan ikonikoa, historikoa. Bada, 41 urterekin selekziotik erretiratzea erabaki du, eta hauxe idatzi du sare sozialetan: «Zoriontsu noa, harro noa, baina beste ezeren gainetik, bakean noa».

Deigarria, azken hori, eta zein garrantzitsua. Zenbat ote dira gauza bera esateko aukerarik gabe agurtzen direnak? Zenbat ote dira obsesionatzen zituen helbururen bat lortu ez izanagatik arantzatxoa betirako gainean daramatenak? Joko hauetan ikusi ditugu mordoa, esaterako. Zenbatek ikusi behar izan dute bost urteko prestakuntza lana segundo gutxian pikutara joaten? Eta horrekin bizi beharra.

Eliteko kirolari baten erretiroak eskatzen duen psikologia lanari eta esfortzu mentalari bueltaka ari naizela, eskubaloiko mundu mailako izar baten hitzak datozkit burura, behin fokuetatik kanpo esanak: «Beldurra ematen dit amaieran pentsatzeak, ez dakidalako beste ezer egiteko balio ote dudan». Horregatik, askotan ez dakit kirolariek euren ibilbideak luzatu eta luzatu egiten dituztenean pozteko arrazoiak ditugun. Gehiegikeriara eramanda, noski, gehienek gozatzen dutelako eta gai izaten jarraitzen dutelako egiten baitute. Baina izango da, eskubaloiko hura bezala, amaierari beldurra dionik ere. Izan zaitezke Pau Gasol eta zure ibilbide historikoari esker NOBeko kide izaten amaitu, baina horrek ere ez zaitu hutsuneari begietara begiratzeaz libratuko. Nork bere burua berrasmatzea ez baita inolaz ere lan samurra, ezta?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.